Portland-eko ordezkaritza Parlamentuan

Guaixe 2012ko otsailaren 23a

Atzokoan Olatzagutiko Cementos Portland Valderrivas (CPV) enpresako ordezkaritza bat Nafarroako Parlamentuko Industria Batzordean izan ziren, UPNk gonbidatuta. Agerraldian CPV taldeko Ingurumen, Jasangarritasun eta Berrikuntzako zuzendari nagusi Ignacio Elorrieta, Lemoako porlandegiko ingurumen arloko buru Elena Guede eta Olatzagutiko lantegiko zuzendari Jose Antonio Garcia Martinez eta giza baliabideetarako arduradun Pablo Isturiz izan ziren parlamentuan. Azken horrek azaldu digunez, Olatzagutiarako CPVk hondakinak balioztatzeko eta erregaien %15 horrela ordezkatzeko duen egitasmoaren berri eman zuten, arrazoiak eta onurak. Aldi berean, estatuko eta Europako testuinguruaren berri eman zieten parlamentariei. "Agerian uzten dute gure lantegiaren teknologia eta lehiakortasun atzerapena". Parlamentariei ere proiektuaren ingurumen-osasuna bermatzen duten ikerketa zientifikoak azaldu zizkieten. Parlamentuko agerraldian Lemoako porlandegiaren esperientzia adibidea eman zuten CPVko kideek. "15 urteko esperientzia aitzindaria, gardentasun osoz eta udalaren laguntzaz. %45 ordezkatu dute erregaiak hondakinak balioztatuz". Isturizek esan digunez, "hondakinekin zerikusia ez dutenak ere, gure lizentzia eta baimen guztien judizializazio egoeraren berri eman dugu Parlamentuan. Horregatik, taldea tentuz aritzen da inbertsioak egiteko garaian eta horrek egoera delikatuan jartzen du porlandegia merkatuan jaitsiera izan delako". Isturizek emandako datuaren arabera, 2007an estatuan 57 milioi porlan kontsumitu ziren eta aurtengo aurreikuspenak 16koak dira. "Horrek ez du bermatzen egungo porlandegi guztien bideragarritasuna". CPVko kideek ere azaldu dute "udalaren aldetik duten hutsune instituzionala eta EAEko hiru porlandegiekiko dagoen neurri politiko bikoitza". Isturizek esan digunez, alderdi gehienak egitasmoaren alde azaldu dira eta "dibulgazio ahalegin bat eskatu digute, uste baitute gure proiektua ez dela behar bezala ezagutzen eta argitu beharreko iritzi faltsu ugari daudela". Alderdien iritziakUPNtik azaldu digutenez, "Sakanako lan eta enpresa egoeragatik aspaldi kezka azaldu dugu. Olatzagutiko porlandegiaren egoera ikusita lantegiko arduradunak egoera errealaren berri emateko proposatu dugu lan-bilera".  Alderdi erregionalistako Maribel Garcia Malok porlandegiak proposatutako hondakinak balioztatzeko proiektuari babesa azaldu dio, "gaur egun dauden lanpostuak bermatzeko. Beti ere, lege eta ingurumen baldintza guztiak betetzen badira". Garcia pet-cokearen ordez partzialki beste hondakin batzuk erabiltzeko ordezkatzeko ekimena babestu du, "porlandegia lehiakorragoa egiten duelako eta horrela lantegiko lanpostuak arriskuanjartzea eragotzi daitekeelako". PSNko Samuel Carok nabarmendu zuen, gai horretan ere lehentasunezko helburua lanpostuen mantenua eta etorkizunean enplegua sustatzea da. "Beti ere, logikoa denez, ingurumen arloko lege eskaerak betetzen direnean". NaBaiko Manu Aierdik porlandegiaren hondakinak balioztatzeko proiektuari babesa azaldu zion, bi baldintzarekin. Aurrena,"benetan hondakinak pet-cokea ordezkatzen badute". Bigarrena, Olatzagutiko lantegian porlana egin dadila soilik, "hondakinak erretzea ez dadila berez porlandegiaren beste jarduera bat izan". Aierdiren iritziz, erregai ordezkapenarekin enpresak bi helburu ditu, "porlandegiaren lehiakortasuna eta ingurumena hobetzea, azken hori C02 isuriak eta natur baliabide gutxiago kontsumituz". NaBaiko parlamentariak Nafarroako Gobernuari eskatu dio eman ditzakeen ingurumen baimenak "filosofia horrekin koherenteak izan daitezela". Ingurumen legedia "zorrotz" bete dadila ere eskatu zuen Aierdik. PPko Ana Beltranek "erabateko babesa" azaldu zion Olatzagutiko porlandegiari eta aurrera eraman nahi duten inbertsio plan berriari. "Babesak eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzen dituelako". Beltranek bestalde errefusatu egin zuen Olatzagutiko porlandegia "eta bereziki bere arduradun eta langileak sufritzen ari den ospe-galtze kanpaina". PPko kideak kondenatu egin zituen enpresa egitasmoa babesten duten pertsonek jasaten dituzten mehatxu eta presioak, eta elkartasuna adierazi zien. Beltranek, azkenik, Olatzagutiako Udalari bereziki, eta Sakanakoei orokorrean, dei egin zien enpresa ekimen hori babes dezaten.  Erredakzioaren oharra: Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdi guztiei eskatu zitzaien agerraldian izan zuten jarreraren berri ematea. Jasotakoa ekarri dugu hona. 3 mugak batera plataformaErrausketaren kontra dagoen plataformaren iritziz, porlandegiaren Parlamentuko agerraldia "ez-ohiko da, ukatu zaion babesa berreskuratu nahian egindakoa, gizarteak oso ongi ulertu duelako errausketa proiektua osasunaren, enpleguaren eta bere eraginpeko eskualdeetako baliabideen kontrako eraso zuzena".  Arrazoi berengatik Nafarroako beste eskualde batzuk jarduera horri ere ezezkoa eman diotela azaldu du.Plataformako kideen ustez porlandegiak behin eta berriz argudio berbera errepikatu du: "jarduera fidagarria dela, kutsatzen ez duena eta ohiko errauskailu moderno batek    konpondu ezin dituen arazoak konpontzen dituena". Aldi berean, salatu dute porlandegiak ez duela hitza beteko, errausketa proiektua ez inposatzekoa, eta "herritarren, herri-eragileen eta eskualdeko udal guztien borondatearen gainetik pasatzea" leporatu diote.Azkenik, plataformari "harrigarria" iruditu zaio porlandegia Parlamentuan "hondakin errausketa proiektuaren ustezko onurak saltzen" egotea, "duela hilabete soilik jakin izan dugunean guztioi iruzur egin digula legez kanpoko kartel praktikak burutuz".