Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Cementos Portland Valderrivas (CPV) taldeak iragarri du bere ekoizpen ahalmena "doitu" eginen duela, "eskaerara egokitzeko". CPVren helburua da bi urtetan bere emaitza gordinak 60 milioi eurotan handitzea. Olatzagutiko plantako Giza Baliabideetako arduradun Pablo Isturizek esan digunez ez dute planak jaso dituen neurri zehatzen inguruan. "Sektoreak aspaldi daki ekoizpen gain-gaitasuna duela. 2007an 57 milioi tona porlan kontsumitu ziren Espainia eta aurtengorako 16 milioi kontsumitzea espero da. Porlandegi guztiendako merkaturik ez dago". Isturizek jakinarazi digunez, aurtengo otsailean pasa den urtekoarekin alderatuta %22 gutxiago saldu dute Olatzagutian. Porlandegiko eledunak azaldu digunez, salmentak aurten %15 jaistea aurreikusi dute, hau da, 500.000 tona saltzea. Urteko jaitsiera otsailekoaren parekoa balitz urte akaberan 450.000 tona salduko lituzkete. "Hori ekoizpen gaitasunaren %35a da. Horrek esan nahi du bigarren labea hiru hilabete baino gehiago egon beharko litzatekeela geldi. Aurrenekoa 2010eko maiatzetik hala dago". Porlandegi guztiak gutxi ekoizten mantentzea edo ekoizpenak kontzentratu. Antza, zalantza ekonomiko horri aurre egin beharko dio CPVk. Olatzaguiko porlandegiko salmentak iaz %2 jaitsi ziren. "Jaitsiera handia, %21, 2010ean izan genuen" zehaztu du Isturizek. Aldi berean, nabarmendu zuen "ekoizpen kostuak murriztu eta hain merkatu eskasean lehiakorrak izateko balioztapena ezinbestekoa da. Horrela beste fabrika batzuekin baldintza berdinean lehiatu gaitezke, kostuengatik lehiakideek baino zementu garestiago egitek merkatutik atera gaitzake". Balioztapena azaltzeko porlandegiak www.sakanacementos.com web gunea martxan jarri duela gaineratu du.