Olatzagutiko historia iruditan

Guaixe 2012ko api. 25a, 12:50

Larunbataz geroztik Begoña Salazarren argazki-liburuak ikusgai daude Kamiogaina jubilatuen elkartean. Hurrengo hilabetean handik pasatzen direnek Olatzagutiko historia hurbila iruditan ikusteko aukera izanen dute. Herriko argazkiak eta ohiturei buruzkoak bildu ditu Salazarrek bere bilduman. Egileak aitortu digunez, olaztiarrek asko lagundu diote bildumaren prestaketan. Salazarrek esan digunez, orain arte, gehien bat, jubilatuak izan dira erakusketa bisitatu dutenak. "Jendea oso gustura dago" gaineratu du. Aitortu digu ez duela baztertzen beste herri batzuetako argazki-liburuak sortzea.

Lau urte
Begoña Salazar altsasuarrak 2009an egin zuen aurreneko liburu-erakusketa. Altsasu ardatz hartuta urtero errepikatu du erakusketa, argazki-liburu berriak gehituz. Barne kezka batek herriarekin lotura zuen guztia biltzera eraman zuen. Bildutakoa erakusten hasi zenean herritarrek jo zuten berarengana eta horrela zabaldu ahal izan du bilduma.