Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Halaxe jakinarazi zuen Cementos Portland Valderrivaseko presidente Juan Bejarrek ostiralean Iruñean, konpainiaren akziodunen batzarrean. CPVk bi porlandegi ixteko aukera zabaldu zuen eta horien artean Olatzagutiakoa zegoen. Bejarrek azaldu zuenez, ahalik eta itxiera gutxien egin nahi dituzte. Horretarako, enpresak plantilla bakarraren kontzeptua indarrean jarri nahi du. Taldeko enpresaren bat 6 hilabetez itxiko balitz langileak, edo zati bat, beste lantegi batera lekualdatuko lituzkete eta azken lantegi horretako ekoizpen erritmoa handitu eginen litzateke. Hori gertatuko balitz, Olatzagutiako langileak Lemoara joanen lirateke. Hala ere, Bejarrek azaldu zuenez Sakanako porlandegian enpresak aurki merkaturatu dituen porlan berezi gehienak ekoizten hasi dira (azkarrago gogortzen dira, muturreko eguraldi baldintzei eusten dietenak eta ingurumen inpaktu txikiago dutenak). Ikerketa, garapen eta berrikuntza zentroa Olatzagutian dago eta horrek balio erantsi gehiagoko porlanak egiteko aukera ematen dio. CPVk porlan berezi horiek saltzeko erronka hartu du. BalioztatzeaBejarrek ostiralean esan zuen Olatzagutian hondakinak balioztatzeko administrazio tramiteak bere bidea 2013an despedituko zuela. "Nafarroako Gobernua ahal duen guztia egiten ari dela uste dugu eta prozesua osatzea espero dugu". Halakorik gertatzen ez bada, Sakanako porlandegia "kondenatzen" ariko dela adierazi zuen. CPVk energia balioztapenean eta lehen gaien politikan aurrera egiteko asmoa du. Gaur egun dituen 8 porlandegietatik 6tan balioztatzen da.