Odola emateagatik omenduak

Guaixe 2012ko maiatzaren 28a

Clinkerrek domeka eguerdian Olatzagutiko odol emaileen ospakizuna hartu zuen. 20 bat olaztiar bildu ziren auzatean. Hiru domina banatu ziren: Jose Julian Imaz Vicenterendako eta Mª Carmen Razkin Ganuzarendako urrezkoak izan ziren, eta zilarrezkoa Jose Joaquin Lopez Goikoetxea San Romanendako (ez zen ekitaldian egon). Jesus Mª Mas Cibrian Nafarroako Odolemaileen Elkarteko, Adonako presidenteak gogorarazi zuen egunero 140 odol emate behar direla Nafarroako ospitaleetan, batez ere, onkologia kasuetarako eta ebakuntzetarako. Mas gazteei zuzendu zitzaien eta odolemaile eta organo-emaile egitera animatu zituen. LekukoaDomekan Olatzagutiko odolemaileen ordezkari izandako Agustin San Migel Gastaminzak Patrizia Fernandez Ganuzari eman zion lekukoa. San Migelek azaldu digunez, Fernandezi ahal duenetan lagunduko dio. "Bera gaztea da eta gazteak odolemaile egitera errazago animatuko ditu ni baino", esan digu orain arteko arduradunak. Kausa jakin gabe ere zera azaldu digu: "oraingo gazteei lehengoei baino gehiago kostatzen zaie odolemaile egitea. Eta ez dakit zergatik. Iaz ere, areto futbol txapelketa antolatu genuen eta azkenean 3k edo 4k besterik ez zuten izena eman". Odola ematea norberarendako eta gizartearendako onuragarria dela azaldu du San Migelek. Olatzagutiko odolemaileen ordezkari gisa, "gutxi gorabehera 45 urte" eman dituela azaldu digu. Altsasuko corazonisten komentuan odolemaile izan nahi zuen guztiarendako bazkari bat antolatu zen eta eskualdeko jende ugari joan zen", gogoratu du San Migelek, eta gaineratu hasieran 200etik gora emaile izanen ginen Olatzagutian". San Migelek gogoan du Olatzagutiko odolemaileen ordezkaritza sortu zenean apaizaren eta beste askoren laguntza jaso zuela. Gogoan du ere, hasieran odol emateak egiteko elkarteak auto bat zuela eta gerora hasi zela herriz herri autohemoteka edo autobusa. Datuak Olatzagutian iaz 272 odolemaile zeuden. Haietatik iaz 85ek eman zuten odola, guztira 158 alditan. 3 autotransfusio izan ezik, gainontzeko emateak normalak izan ziren. Odol-emate gehienak, 129, elkarteko autobusa Olatzagutira etorri izan denean eman dira. Gainontzekoan, herritik kanpo. Pasa den urtean 2 olaztiar animatu ziren odolemaile egitera.