Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Cementos Portland Valderrivasek (CPV) Nafarroako Gobernuari eskatu dio "interes orokorreko izenda dezala hondakin ez arriskutsuen erabilera energetikoa". Ostiralean egin zuen eskaera. Olatzagutiko porlandegian erabiltzen den pet-coke erregaia "neurri batean hondakindegian bukatuko luketen hondakin ez arriskutsuekin ordezkatzeko". Aurretik, CPVk Udalez Gaindiko Plan Sektorial baten bidez tramitatzeko eskaera egin dio gobernuari. CPVtik argudiatu dute egitasmoak Olatzagutiko udal dermioa gainditzen duela eta Nafarroarako interes orokorrekoa dela. "Indarrean jartzeak Foru Erkidegoko ingurumen helburuak lortzen lagunduko luke, batez ere hondakinen kudeaketari eta CO2 isurien murrizketari dagozkionak. Gainera, erregai fosilak ordezkatzeak 2010-2020 Nafarroako Energia Planarekin bat egiten du". Porlandegiko arduradunek azaldu dutenez, hondakin horiek erregai gisa erabiliz gero, ez lukete hondakindegian bukatuko. "Tratamendu garestiagoa behar dute eta ingurumen inpaktu handiagoa dute". Gaur egun Nafarroan hondakin horiek hondakindegian bukatzen dutela eta hori Europako araudiaren arabera azken aukera eta okerrena dela ziurtatu dute CPVtik. Hondakinak porlandegian erretzeko teknika "garbia eta ziurra" dela ziurtatu dute, "labeek material guztia kontsumitzen baitute". Gaur egunPorlandegiak egurra eta kortxoa erretzeko baimena du. "Baina biltegiak eta labeak elikatzeko azpiegituretarako beharrezko inbertsioak ez ditu izanen beste material batzuk erabiltzeko baimena ez duen bitartean, ezinen baititu errentabilizatu". Balioztatzeak porlandegiaren lehiakortasuna hobetuko lukeela dio CPVk. Enpresak porlanaren sektoreak bizi duen egoera zaila ere erabili ditu argudiotzat balioztatzea Olatzagutian ezarri ahal izateko (gaur egun gaitasunaren %40an ari da lanean). Lanpostuei (150 zuzen eta zeharkako 100) eusteko ere balioko lukeela esan du.CPVk argudiatu du teknika hori duela 30 urte baino gehiago erabiltzen ari direla Europan, eta erregaien ordezkapena bataz beste %28 dela aipatu du. Estatuan 36 porlandegietik 28k balioztatzen dute.