Gobernua eta porlandegia elkarlanean ariko dira hondakinak balioztatzeko

Guaixe 2012ko ekainaren 13a

Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi duenez, Cementos Portland Valderrivas (CPV) enpresarekin hitzarmena sinatuko du aurki, "Nafarroan hondakinen kudeaketa hobetzeko". Akordioaren ondorioz "gaur egun birziklatu ezin daitezkeen eta hondakindegian bukatzen duten hondakinak Olatzagutian balioztatuko dira". Gobernutik aurreratu dutenez, CPVk balioztatzeko erabiliko lituzkeen birzikla ezin diren hondakinak "lehentasunez Nafarroan sortutakoak" izan beharko dute. Nafarroako Gobernutik azaldu dutenez, porlandegian balioztatzeak "Foru Erkidegoa bere hondakinen kudeaketan eraginkorragoa izatea ekarriko du, balioztatzea hondakindegira botatzea baino hobe delako". Aldeen arteko hitzarmenaren osagarri izanen da CPVk Olatzagutiko porlandegirako eskatu duen interes orokorreko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala. Bestalde, Nafarroako Gobernuak zenbait hondakinen sortzaileen artean erregaia porlandegira bideratzeko sustapena egin asmo du. Foru administrazioak Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integratuarekin bateragarri jo du bere asmoa. Erraustegia ez egiteko arrazoi gisa ere erabili du. Aurreikusita36.500 tona balioztatuko lirateke porlandegian. Zer? Industriako hondakin ez arriskutsuak, biomasa eta birziklatu ezin daitezkeen beste hondakin batzuetatik lortutako erregai solido berreskuratua.