Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak gaur egindako bilkuran Cementos Portland Valderrivasen (CPV) Olatzagutirako egitasmoa Udalaz Gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu du. CPVk Olatzagutiko porlandegian "arriskutsuak ez diren hondakinen balioztatzea" egin nahi du. Izendapenak hondakin horiek hartu, biltegiratu eta dosifikatzeko beharrezko instalazioak zehazten ditu, porlandegian zementu-ekoizpeneko prozesuan erregai alternatibo gisa erabiltzeko.Udalaz Gaindiko Proiektu Sektorial izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egunez jendaurrean izanen da, alegazioak eta entzunaldiak egiteko. ArrazoiakCPVk proposatu zion izendapena Nafarroako Gobernuari. Hasieratik harrera ona egin zion eta gaur babestu du. Barcinaren kabinetearen iritziz porlandegiaren egitasmoak industria jardueraren jarraipena lagunduko du, 148 lanpostuei eta zeharkako ehuni eustea bermatuko du. "Baldintza sozialetan, ekonomikoetan eta ingurumeneko baldintzetan, ekoizpeneko kostuak murriztuz, energia aurreztuz eta erregai fosilen kontsumoa murriztuz eta haren ondoriozko negutegi-efektuko gas-isuriak murriztuz". Barcinaren gobernuak bateragarri jo du hondakinen balioztatzea Nafarroako Hondakinen Kudeatzeko Plan Integralarekin eta Hondakinen Zuzentarau Markoarekin. "Hondakinen bolumena murrizten du eta ahal energetikoa baliatzen du". Foru administrazioak jakinarazi duenez, garagarrilean CPVrekin lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Nafarroako Hondakinen Kudeatzeko Plan Integratuaren helburuak lortzeko.InbertsioaHondakinak balioztatzeko egitasmoa aurrera eramateko, CPVk Olatzagutiko porlandegian 1,67 milioi euroko inbertsioa eginen du. Nafarroako Gobernuak aurreratu duenez, lanak bi fasetan eginen dira. Aurrenekoan 955.529 euro bideratuko lirateke eta bigarrenean, 718.798 euro. Guztia honako azpiegiturak egiteko: kamioien zamalanetarako zuloa; biltegiratzeko zuloa; inertizazio-gela; transferentzia-dorreak; erregailurako garraioa eta zerbitzuko ekipo eta azpiegiturak.Porlandegian erregai gisa erabiliko liratekeen hondakinak dira: nekazaritza- eta baso-jatorriko biomasa, paper eta kartoiaren pasta ekoitzi eta transformatzeko hondakinak, hondakinetatik sortutako erregaien gainerako tratamendu mekanikoaren frakzioa, zatiketako frakzio arinak eta plastikozko eta kautxuzko hondakinen tratamendu mekanikoko hondakinak. Balioztatutako hondakin horien kopuru guztiak ez luke inoiz urtean 36.5000 tona gainditu behar, lehorrean pisatuta.