Haurrak Blanca Florri lagundu nahian

Guaixe 2012ko uztailaren 5a

Udan Euskaraz programan parte hartzen ari diren haurrak Olaztiko Erresuma antolatuko dute eta erregina bere garaira itzultzen lagunduko duteGaragarrilaren 26az geroztik dago Blanca Flor erregina Olatzagutian. Klarin eta tronpeta doinu artean, denboraren makinan iritsi zen erregina, bere gremio buruzagiak lagunduta. Harrez gero, Olaztiko Erresuma antolatzeko zereginetan dago, bere mendekoak kontuan izanda. Azken horiek laguntza estra bat eman beharko diete erregina eta laguntzaileei. Izan ere, Olatzagutiara ekarri dituen denboraren makina izorratu egin da eta hura konpondu beharko dute, "haien garaira itzultzeko oreka itzultzeko". Horixe azaldu digu Virginia Alonsok, programako arduradunak. Alonsok gaineratu duenez, "irudimen eta ilusio handiz, erdi aroan kokatutako kanpaina da. Herria gurekin jolasten, gure ekintzetan parte hartzen saiatuko gara". Aurreratu digunez, programaren barruan erdi aroko azoka izanen da, olaztiarrek gremioen inguruko azalpenak emanen dituzte, istorioak kontatuko dituzte... Bigarren astea du martxan Olatzagutiko Udan Euskaraz kanpainak. Hilaren 20ra arte luzatuko da, haurrak euskaraz hizketatu eta ongi pasatzeko helburuarekin antolatutako programa. 83 neska-mutilAdinaren arabera, 6 taldetan banaturik daude. Guztien ardura 8 begiralek eta praktiketako 3 ikaslek dute. Azken horiek aisialdiko begirale izateko ikastaroa egin dute eta Udan Euskaraz kanpainan praktikak egin dituzte, haietako bi ludotekan ere aritu dira. Hori posible egiteko Olatzagutiko Udalak hitzarmen bana sinatu du Urtxintxa eta  Fundación Itaka-Escolapiosekin.