Udalak babesa eskatu dio Arartekoari

Guaixe 2012ko uztailaren 4a

Gurutze Rodriguez Olatzagutiko alkatea, Aitor Karasatorre Sakanako Mankomunitateko burua lagun zuela, atzo Javier Eneriz Arartekoarekin bildu ziren. Sakandarrak babes eske jo zuten Arartekoarengana. Olatzagutiko porlandegiak hondakinak erretzeko Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren sustatu du eta Roberto Jimenez, Nafarroako lehendakariorde zela, publikoki babestu zuen egitasmoa. Rodriguezen iritziz, udal autonomiari egindako erasoa da enpresak proposatu eta foru administrazioak babestu duen egitasmoa. "Ez da ulertzen herritar eta udalen iritzien gainetik administraziotik interes pribatuak babestea". Hori izan da Arartekoari babesa eskatzeko arrazoietako bat. Bestea, Rodriguezen eta Karasatorreren ustez Nafarroako Gobernua informazioa estaltzen ari zaiela. Arartekoari ere kezka azaldu zioten sakandarrek, Nafarroako Gobernuak jardueraren kaltetu nagusiei ezohiko tresna bat erabiltzeko asmoa ez jakinarazteagatik. Enerizi gogorarazi zioten Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integralean ez dela halako azpiegiturarik jaso eta herrietatik gutxienez km bateko distantziara egon behar duela. Bileraren ondoren Rodriguezek esan zuenez, "Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala zertan den ez dakigu; zer tramitatu behar duten. Enpresa pribatu baten interesa gehiago da ibarreko interes orokorra baino". Enerizek Nafarroako Gobernuaren aurrean zubi lanak egiteko esperantza azaldu zuen Rodriguezek, "Sakanan erabat desinformatua izan ez dezan".  Arartekoak azaldu zienez, Ingurumen Informazio Legean oinarrituta Sustapen eta Ingurumen Departamentuetan duten informazioa ematea eskatu behar dutela. Porlandegiak egitasmoa aurkeztean eta alegazioak aurkeztu nahi baditu, Olatzagutiko Udalari propio entzunaldia eskaini beharko zaiola ere gaineratu zuen Enerizek.