Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ingurumen Baimen Bateratua aldatzea eskatu zuen atzo Cementos Portland Valderrivasek (CPV) Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan. Porlandegian gaur egun pet-cokea erabiltzen dute erregai gisa. Egurra eta kortxoa erabiltzeko baimena badu eta atzo egindako eskaerarekin erregai gisa "hondakindegian bukatuko luketen hondakin ez arriskutsu eta birziklatu ezin direnak" erabili nahi ditu. Nafarroan sortutako hondakinak erabilera lehentasuna izanen lukeela ere esan dute enpresatik, eta Nafarroako Gobernuarekin berriki sinatu duten hitzarmena ekarri du gogora. CPVtik argudiatu dute erregai berrien erabilerak ekoizpen kostuak txikituko dituela eta, sektorearendako une delikatuan, lehiakorragoa bihurtuko duela Olatzagutiako lantegia. Aldi berean, porlandegitik ziurtatu dute erregai horien erabilerak Nafarroari ingurumen onurak ekartzen dizkiola CO2 isuriak murrizten dituelako. Porlandegiak hondakinak erretzeko bitarteko "garbia eta ziurra" dela ere baieztatu du enpresak. Atzo Ingurumen Baimen Bateratuarekin batera CPVk Ingurumen-Inpaktuko Azterketa aurkeztu zuen. Porlandegitik azaldu dutenez, "aurre-kontsulta epean jasotako ekarpenak biltzen ditu". Ekarpenak egin dituztenen artean aipatu ditu: Sakanako Mankomunitatea, ibarreko udalak, Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdiak, 4 sindikatu nagusiak, Nafarroako Enpresarien Konfederazioa, unibertsitateak, Ebroko Ur Konfederazioa, Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta talde ekologistak.