Hiru Mugak Batera: CPVren eskaerak kartak agerian utzi ditu

Guaixe 2012ko uztailaren 11

Erregai berriak erabiltzeko Ingurumen Baimen Bateratua aldatzea eskatu zuen ostegunean Cementos Portland Valderrivasek (CPV) Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan. Hiru Mugak Batera plataformako kideek beti esan duena berretsia ikusi du eskaera horrekin: "CPVri ez zaio landare-biomasa interesatzen. Hondakin kudeatzaile izendapena lortzeko egin zuen eta 20.000 tona erretzeko baimena eskuratu zuen. Orain gehienez ere 36.500 tona hondakin erreko dituztela esan dute. 20.000 tona zabor eta 16.500 tona pneumatiko, araztegiko lohi eta plastikoak". Baimena jasotzeak multinazionalari "zikloa ixtea" ekarriko liokeela adierazi digute plataformatik: "FCCk hondakinak bilduko eta porlandegiak erreko lituzke". CPVk eta Nafarroako Gobernuak sinatutako hitzarmenean lehentasunez herrialdean sortutako hondakinak erreko direla jaso da. Hiru Mugak Baterako kideen iritziz "lehentasunez" hitzak edozein tokitako hondakinak Olatzagutian erretzeko bidea ematen du. Hondakinak erretzeazPlataformako kideek gogora ekarri dute Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralak ez duela jasotzen hondakinak porlandegietan erretzeko aukera. Hiru Mugak Bateratik azaldu dutenez, bai haiek, bai inguruko udalek baita Atarrabia, Tafalla, Deikaztelu eta beste udal ugarik eskaera argia egin diotela Nafarroako Gobernuari: erraustegietan eta porlandegietan hondakinak erretzeko aukera baztertu dezala, hondakinen kudeaketaren aldeko bestelako aukeren alde eginez. Hiru Mugak Baterako kideek esan digutenez, Nafarroako Gobernuak ez die aipatu toki erakunde guztiei ezta gizarteari kasurik egin. Olatzagutiako Udal araudia indarrik gabe uzteko hondakinen erretzea interes orokorreko izendatzea "eskumenen lapurreta" dela salatu du. "Itxurak ere ez dituzte gorde. Multinazional batik bidea zabaldu diote, baliabideen eta osasunaren gainetik". ManifestazioaHilaren 21ean izanen da, 19:00etan, Olatzagutiko plazatik.