Aurten ez da Urbasako igoerarik izanen

Guaixe 2012ko irailaren 7a

Sakana Motor Sport taldeak arrakastaz antolatu zuen pasa den urteko igoera, baina aurten proba entzutetsua ez dela jokatuko jakinarazi du. Taldeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "estatuan federazioen artean izandako gatazka politikoak eta ekonomikoak aurtengo denboraldiari eragin dio; kaltetuenak gidariak eta antolatzaileak izan gara". Sakana Motor Sporteko kideek federazioen arteko elkarlana eskatu dute, gurean automobilismoak aurrera egin dezan. Talde sakandarreko kideek Nafarroako automobilismo txapelketak urte gutxitan izan duen gainbehera salatu dute. "Gidari nafarrak aldameneko erkidegoetako lizentziekin aritu dira, Nafarroako rally eta mendi txapelketetan proba, antolatzaile eta parte-hartzaile gutxi daudelako. Zaila da probak antolatzeko edo Nafarroako taldeen egitasmoak gauzatzeko babesleak opatzea, babesle posibleendako lehiaketa erakargarririk ez baitago". Egoeraren adierazgarri den adibidea eman du Sakana Motor Sport taldeak: pasa den urtean Urbasako igoeran parte hartu zuten gidarien %75ek 1.000 euro inguruko gastua egin beharko luke Olatzagutiko proban parte hartzeko. "Beste federazioko lizentzia dutenez, 360 euro ordaindu beharko lituzke beharrezko lizentzia eskuratzeko. Horri izen emate, desplazamendu eta bestelako gastuak gehitu beharko litzaizkioke". Federazioen arteko gatazka horrek gehien kaltetu dituena "gidariak eta antolatzaileak" dira talde sakandarrarendako. "Haiek gabe ez dago lasterketarik. Automobilismo eszenan zati garrantzitsua gara. Uste dugu guztien iritziak hartu behar direla kontuan zenbait erabaki hartu aurretik.  Elkarlan eskaeraEgungo egoeraren errudunik ez dute bilatu nahi sakandarrek. Baina gogorarazi dute ez aspaldi Nafarroako rally txapelketak 6 proba zituela eta beste erkidegoetako txapelketetarako baliagarriak zirela haietako batzuk. Eta alderantziz ere, aldameneko erkidegoetakoak Nafarroako txapelketarako baliagarriak zirela. Mendiko txapelketan gauza bera. Sakandarrek gogorarazi dute orduan aldameneko federazioen arteko elkarlana "jarraitua eta erraza" zela. Eta kirolak aurrera eginen badu federazioen arteko elkarlana eskatu dute. Sakana Motor SportIbarreko 10 zalek eta rally gidari eta gidari ohik osatzen dute taldea. Bere helburua ibarrean "zaletu eta jarraitzaile asko dituen" automobilismoa sustatzea da. Irabazi gabeko taldea da eta bere kideak ikasleak edo langileak dira. Haien egitasmoa aurrera ateratzeko, beraz, ahalegin handiak egin behar izaten ditu.