Aurki hasiko dira Argomaniz plazako argiteria berritzeko lanak

Guaixe 2012ko irailaren 12a

Construcciones Merino Arregi enpresako langileak aurki hasiko dira Kale kalean eta Vicente Argomaniz plazan lanean. Argiteria publikoa berrituko dute, kableak lurpean sartuz eta sareak berrituz. Kale kalean farolak eraikinetako fatxadetan izanen dira. Plazan, berriz, farolak jarriko dira. Gainera, farola horien kokapena gaur egunerako eta etorkizunean egin daitekeen urbanizaziorako erabilgarria izatea nahi dute udal teknikariek. Lanak egiterakoan udalak energia eraginkortasuna izan du kontuan. Horregatik, korrontea murrizteko aukera duten bonbillak jarriko dituzte. "Mantentze eta kostuagatik ekonomikoagoak direlako". Lanek 59.356,76 euroko aurrekontua dute. Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsioen 4 urteko Planean jasoa dago lana eta udalak %70eko diru laguntza jasoko du.