Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Porlandegiko ELAko afiliatuak, Lemoako langileekin batera (ELA eta LAB) gaur goizean Madrilgo bidea hartu dute. Hara deitu ditu gaurkoan Cementos Portland Valderrrivas (CPV) taldeko zuzendaritzak ordezkatuak dauden sindikatu guztiak. CPVk aurreko astean taldeko 500 langile kaleratzea aurreikusten duen Enplegu Erregulazio Espedientea aurkeztu zuen, UGT eta CCOOrekin negoziatu duena. Horren arabera, Olatzagutian 28 kaleratze egonen lirateke.Olatzagutiko porlandegiko ELAko kideak kaleratzeen kontra azaldu dira eta prozesuaren hasieratik aldarrikatu dute lantegi bakoitza dela negoziazio esparrua. Hau da, enpresa batzordeak kontuan hartu behar direla. Gaur Madrilera hori esatera joanen dira ELAko kideak, ez dutela hango negoziazio esparrua onartzen. Bileran sartu eta zuzendaritzako kideei haien aldarrikapenak egin eta gero atera eginen dira. CPVko zuzendaritzari, hori bai, Olatzagutian negoziatzeko aukera eman nahi diote ELAko kideek eta, horregatik, ostiralerako bilera baterako deia eginen diote.