Bihar Urbasara joan-etorria

Guaixe 2012ko irailaren 28a

Bihar, San Miguel egunean, jokatuko da IV. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa. Nafarroako eta Euskal Herriko mendi-korrikalari onenendako hitzordu garrantzitsua izanen da, bertan erabakiko baitira Nafarroako banakako kopa eta Euskal Kopa (lau lasterketa puntuagarritan azkena da Aramotz, Orozko eta Zumaiakoen ondoren). Gainera, Nafarroako Mendi Lasterketen Koparako baliagarria da. Proba Olaztiko Sutegi kirol elkarteak antolatu du, Olaztiko Udalaren eta Nafarroako eta Euskal Herriko Mendi Federazioen laguntzarekin. IbilbideaOlaztiko mendi lasterketak 23,2 kilometro ditu, horietatik 2,4 asfaltoan. Desnibel metatua 1.367 metrokoa da. Korrikalariek goizeko 10:00etan emanen diote hasiera probari, Clinker paretik (528 m). Gorputza berotzeko denborarik gabe, zuzenean Urbasako ipar gailurreriako punturik altuenera joko dute Tontorraundira (1.157 m). Mendi gainean, bira gorabeheratsua eginen dute, ekialdera Altsasuko portugainetik (1.150 m) Zelai handiraino (1.113 m), eta mendebaldera Gainsoil (1.068 m) eta Ordotzeko putzuraino. Handik jaisten hasiko dira, Urbasako portugainera, eta gainbehera zorrotzetik Olaztiraino. Ibilbidean 4 denbora kontrol puntu izanen dira, edaria eta janaria hartzeko guneak eta osasun laguntza ere izanen dituzte puntu estrategikoetan. SariakSari-banaketa ekitaldia helmugan izanen da 13:30 aldera. Korrikalariek sari erakargarriak dituzte zain. Maila absolutuan, neska eta mutil onenek, hurrenez hurren, 350 euro, 175 euro, 125 euro eta 75 euro jasoko dituzte. Lehen beteranoek 75 euroko saria izanen dute. Promesa, junior eta kadete onenek garaikurra jasoko dute.Gainerako korrikalariak ez dira esku hutsik geldituko, bukatzen duten parte hartzaile guztiek opari poltsa jasoko baitute. Gainera, parte hartzaile guztien artean 10 gazta banatuko dira.