Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Porlandegiko ELAko afiliatuak, Lemoako langileekin batera (ELA eta LAB) asteartean Madrilgo bidea hartu zuten. Izan ere, Cementos Portland Valderrrivas (CPV) taldeko zuzendaritzak ordezkatuak dauden sindikatu guztiak deitu zituen. CPVk aurreko astean taldeko 500 langile kaleratzea aurreikusten duen Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) aurkeztu zuen, UGT eta CCOOrekin negoziatu duena. Horren arabera, Olatzagutian 28 kaleratze egonen lirateke.Olatzagutiko porlandegiko ELAko kideak kaleratzeen kontra azaldu dira eta prozesuaren hasieratik aldarrikatu dute lantegi bakoitza dela negoziazio esparrua. Hau da, enpresa batzordeak kontuan hartu behar direla. Bileran sartu eta zuzendaritzako kideei Madrilgo negoziazio esparrua onartzen ez dutela esan zieten. Ondoren, bilkura utzi zuten ELAko kideek. Astearteko bileran ere lan hitzarmenen inguruan galdetu zitzaion CPVri eta erantzun zuen lehenik EEE onartu beharko dela. ELAkoen beldurra da espedienteaz gain lan hitzarmenen negoziazioa Madrilen zentralizatu nahiko dutela CPVk, UGTk eta CCOOk. Olatzagutiko porlandegiko lan hitzarmena luzatuta dago eta heldu den urteko garilean indarra galduko du. Asteartean jakin izan zutenez, iritzi berekoak dira CPVeko beste porlandegi batzuetako sindikatu txikiak: porlandegi bakoitza da negoziazio esparrua. Elkarrekin harremanetan egonen dira.Bilera eskaeraOstiralean, 10:00etan, bilera egiteko eskaera egin dio ELAk porlandegiko zuzendaritzari, EEE Olatzagutian negoziatzeko aukera emateko. Erredakzioa ixtean bilerarik izanen zen ez genekien.