Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean Kerobia taldeko kideak Olatzagutian izan ziren, kultur etxean. Taldeko bateriak, Mikelek jakinarazi zigunez, irudi batzuk hartu eta bideoan elkarrizketa batzuk grabatu zituzten Olatzagutian, "horrelako toki bat behar genuen". Kerobia Supernova lan multidisziplinarra lantzen ari da. Pack batean diskoaz gain, kantuak eta ilustrazioak izanen dituen liburu bat, mural handi baten zati bat eta DVD dokumentala ere izanen da. Azken horretan jasoko dira ostiralean hartutako irudiak. Eta Olatzagutian zergatik galdetuta, Mikelek zera esan zigun: "udalarekin harreman ona dugu, Epilogoa formatuan eta abar jo izan dugu. Tokia aproposa iruditu zitzaigulako haiekin harremanetan jarri ginen, eta beti gustura etortzen garelako. Gure teknikariek oso ongi ezagutzen duten kultur etxea da". SupernovaMikelek aitortu digunez, "Kerobiak beti zaindu izan du asko, ez bakarrik musika, baita irudia, digipack guztien formatua eta eskenatokian taularatu nahi dugun kontzeptu hori guztia. Supernova are gehiago da. Lan multidisziplinarra da". Lan horrek edizio mugatua izanen du: 1000 kopia. Esklusiboak, bakoitzak mural zati bat izanen duelako. Lanak abendu erdialderako ikusiko du argia. Diskoa grabatua du Kerobiak eta taldeak aurreratu zuen aldaketa izanen zela. Horretaz galdetuta, Mikelek esan digu aldaketa nabarmenena lan egiteko moduan eta formatuan izan dela. "Xabi beti izan da abestiak sortu dituena. Lan artistiko horretan gidaria izan dena. Baina oraingoan nabariagoa izan da. Orain arte abestiak lokalera eraman eta denen artean lantzen genuen. Kasu honetan berak sortu ditu abestiak eta berak sortu ditu beste instrumentuen oinarriak, etxean bere medioekin". Bateri joleak esan digunez, "ez gara laukote moduan aritu. Zein musika tresna behar ditugu? Nola sartu behar ditugu? Hala, grabaketan, adibidez, sartutako bateriak oso eskematikoak dira, bukle asko dituztenak, bateria bat bestearen gainean grabatuta. Instrumentu asko grabatu ditugu. Oso errepikakor, bata bestearen gainean jarrita..." Zuzeneko formatutik aldendu eta instrumentu askoko banda bat izan direla ziurtatu digu Mikelek. "Abesti bakoitzean asko aldatzen da eta horrek nortasun handia eman dio Supernovari". Azken ekoizpenak Kerobiaren alde elektrikoa eta akustikoa nahasten dituela uste du bateria-joleak. Argitaratu ondoren, zuzenekorako egokitzapena egin beharko dutela esan digu Mikelek, eta jendaurreko aurkezpenak Olatzagutiako moduko lokal "nahiko intimoetan" egiten saiatuko dira. Guztiak finantziazio kolektiboaren (crowdfunding) bidez egin du aurrera. 750 Supernovakide bildu zituen Kerobiak bi hilabetetan eta haiek egindako diru ekarpenarekin argia ikusiko du lanak. "Nahi badute haien izena packean agertuko da eta supernovakide batzuk grabazioan izan ziren". Hala ere, milako kopurura iritsi arte 100 bat kide berri egiteko aukera dago. Horretarako Kerobiaren web orrian sartzea besterik ez dago.