Boliviak agur Iriarteri

Guaixe 2012ko urriaren 25a

Azken hilabetean ohean gaixo eman ondoren, lastailaren 11n hil zen Gregorio Iriarte Pozueta 87 urte zituela, Cochabamban, Bolivian. Olatzagutian 1925eko azaroaren 28an jaio zen. 1950ean lehenengo meza eman eta Hego Amerika aldera abiatu zen misiolari oblatua. Argentinan eta Uruguain urte batzuk egin ondoren 1964an Boliviara iritsi zen, Llallaguako meatzeetara. Meatzarien bizi baldintza txarrak ikusi ondoren piztu zitzaion giza eskubideen aldeko kezka. Bere konpromisoagatik Boliviatik hirutan kanporatu zuten. Diktadura garaian ageriko lana (langileendako etxebizitza kooperatibak, irrati eskolak, behartsuei laguntza...) eta klandestinoa (Giza Eskubideen Batzordea) uztartu zituen.  Ekonomialaria, soziologoa, teologoa, komunikabideetan aditua, idazlea, unibertsitateko irakaslea...  Hogei liburutik gora idatzi zituen. Boliviako diktadura garaian izenpetu gabe argitaratu zituen narkotrafikoan oinarritutako diktaduraz, mundu osotik hara eramandako terrorista ultraeskuindarren eskuadroien antolakuntzaz, kazetari eta sindikalisten antolakuntzaz... Gerora sindikalismoaz, neolibelismoaz, kanpo zorraz, hezkuntzaz, garapen ekonomikoaz ere idatzi zuen. Irirartek idatzitako Analisis critico de la realidad liburua 17 aldiz berrargitaratu da. Evo Moralesen ohe buruko liburua izan zen eta Evok Asamblea Constituyentearen irekiera ekitaldira gonbidatu zituen 5 pertsonen artean zegoen olaztiarra. Iriarteri 2006an Amets Arzallusek egindako elkarrizketa.