Porlandegian 28 kaleratze urte akaberarako

Guaixe 2012ko urriaren 25a

Astelehenean Cementos Portland Valderrivasek (CPV), CCOOk, UGTk eta USOk akordioa sinatu zuten, taldeko porlandegietako plantilla "doitzeko". Asteleheneko akordioa aldeek garil akaberan adostutako akordio markora gehitu zaio. CPVko buruek azaldu dutenez, taldeak bankuekin duen zorra birfinantzatzeko bankuek baldintza batzuk jarri zituzten. Salmentek ere behera egin dute. Bi argudio horietan oinarrituta 3 lantegi itxi edo 500 kaleratze proposatu zituen CPVk. Madrilen aldeek adostutakoaren arabera 8 porlandegietako 251 langile kaleratuko dituzte urtea despeditu aurretik. Gainera, azpikontratatutako langileak kaleratu eginen dira eta haiek utzitako lanpostuak CPVko langileek beteko dituzte. Halako 72 lanpostu daude mugagabeko kontratua eta 58 urte baino gutxiago duten langileendako. Akordioa beteko den ziurtatuko duen jarraipen batzordea osatu da. OlatzagutiaBurundako porlandegiak gaur egun dituen 147 langileetatik 28k urtea despeditu aurretik lan egiteari utziko diote. Haietatik 14k 58 urte baino gehiago dituzte. Errelebo kontratua hartuta duten 4 langile (58 urtetik gorakoak) eta haien ordez dauden beste 4 langileak kalera joanen dira. CCOOko kide batek jakinarazi digunez, "haien kontratuak bukatzear daude edo heldu den urtean bukatuko dira". Horretaz gain, 58 urte baino gutxiago 6 langile kaleratuko dituzte Olatzagutiko porlandegitik. 6 kaleratuetako 2k azpikontratek egindako lana egiteko aukera izanen dute. Beste 4 langileei azpikontratak beste porlandegietan utzitako lanpostuetan kokatzeko eskaintza eginen zaie. UGT-tik esan digute aurretik kostuak murrizteko azpikontratak kendu direla eta iparraldeko lantegietan halako postu gutxi daudela. ELAtik zehaztu digute, olaztiarren kasuan Madril eta Sevilla direla gertuen dituzten eskaintzak. Ordainsariak Adinaren arabera, kaleratuek kalte-ordain ezberdina jasoko dute. 58 urte edo gehiago dituzten langileek lan egindako urte bakoitzeko 20 egun eta 12 hilabeteko kalte ordaina baino handiagokoa jasoko dute, 165.000 euroko topearekin aurre-jubilatuko dira. 58 urte baino gutxiago eta 28 urte baino gutxiagoko antzinatasuna dutenak lan egindako urte bakoitzeko 28 egun kalte-ordaina jasoko dute, 18 hilabeteko mugarekin. Gainera, 2.000 euroko kopuru lineala. Kopuru hori ez zaie emanen kontratu erreleboan ari direnei. 58 urte baino gutxiago eta 28 urte baino gehiagoko antzinatasuna duten langileek lan egindako urte bakoitzeko 30 egun kalte-ordaina jasoko dute, 22 hilabetera mugatuta. Iritziak"Ahalik eta akordio onena lortzen saiatu gara, jakinda Enplegu Erregulazio Espedienteetan sekula ez dagoela akordio onik. Porlandegiak zabalik mantentzen ahalegindu gara, behin itxita zaila baita berriro zabaltzea". Halaxe esan digu UGTko ordezkariak. Eta datuak eman dizkigu. "Espainian 55.000 milioi tona porlan egiteko gaitasuna dago eta aurten 13 ekoiztuko dira. Olatzagutian urtean 1,2 milioi tona egiteko gaitasuna dugu eta 400.000 eginen ditugu. Ez dago obrarik eta ez da zementurik erosten". Negoziazioari dagokionez UGTkoak azaldu digu kaleratuendako ahalik eta baldintza duinenak lortzen saiatu direla. "Talde guztiko plantilla hartzen zuenez eta legeak hala dioelako talde guztiarena negoziatu da Madrilen eta ez lantegiz lantegi". Akordioa sinatu duen CCOOko kide batek azaldu digunez, porlanaren sektoreko gainontzeko enpresetan egoera parekoa da. CPVk 3 lantegiren itxieraren pareko diru aurreztea eta CO2 isurien merkatuan dirua irabazteko aukerak izatea; bi baldintza horiek markatu dute negoziazioaren jokalekua. Berak azaldu digunez, "CPV kaleratzeko baldintzak negoziatzeko prest zegoen bakarrik". Madrilen negoziazioak egin izanaz galdetuta esan digu: "Lan Ministerioak ez du horrelakorik uzten talde bat denean. CPVren hasierako asmoa porlandegi bakoitzean negoziatzea zen, baina Ministerioak ez du uzten". CCOOko kideak esan digunez, enpresa batzordeak lan hitzarmenak adosten segituko dute eta ez da ezer zentralizatuko. Azaldu digunez, negoziazioetan aurre-jubilatuen hasierako adina 61 urtetik 58ra jaitsi da.  Gaineratu du, akordioak CPVn azpikontratei atea ixten diela, espezialdutako lanak egiten dituzten azpikontratak aparte. Porlandegi guztietan langileek akordioa babestu dutela gaineratu du. ELAko kideak salatu dute porlandegietako enpresa batzordeak kontuan hartu gabe negoziatu dela Madrilen. ELAko afiliatuendako garilean lortutako akordioaren "kalkoa" da orain onartutakoa. Eta oso kritiko azaldu dira ELAkoak malgutasuna, lanaldiak eta ordutegiak zehazteko hartutako erabakiarekin. "Porlandegian enpresa batzordeak eta zuzendaritzak ez badute adosten, hitzarmen honen Madrilgo jarraipen batzordeak hartuko du hitza". Sindikatuko kideendako hori "Madrilen guztia zentralizatzeko estrategia bat da. Eta porlandegi bakoitzeko lan hitzarmenetik lanaldia eta ordutegiak ateratzeko. Hain zuzen lan hitzarmeneko zati garrantzitsuenetako bat lantokitik Madrilera atera dute. Arriskutsua da". ELAko kideek ere ohartarazi dute akordioan ez dela inon jaso porlandegiak zabalik segituko dutenik. "Ez dago inolako bermerik". Ostiralean porlandegian egindako bozketarekin ere kritiko azaldu dira ELAko kideak. Izan ere, bezperako deialdian soilik informazio-batzarra izanen zela jaso zen eta ostiralean bozketa egitea ez zela legezkoa salatu zuten, eguneko ordenatik kanpo zegoelako. Hala ere, bozketaren emaitzak ere zeresana eman die ELAko kideei: "147 langiletik erdiak ere ez zuen bozkatu". 70 langilek bozkatu zuten Haietatik 63 alde, 5 kontra eta 2 abstentzio izan ziren. Azkenik, datu bat eman dute ELAkoek: 58 urte baino gutxiago duten eta kaleratuak izanen diren langileak Bartzelona, Palentzia, Santander eta Euskal Herriko porlandegietakoak dira. Madril eta Sevillako kaleratu guztiak 58 urte edo gehiago dituzte.