Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Geroz eta gutxiago falta da Sakanako XII. Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusirako. Olaztin jokatuko da, larunbat arratsaldean. 16:00etan kategoria txikiko probak hasiko dira, eta 17:00etan helduen proba nagusia. Sakanako Atletismo Koparako puntuagarria izango da. Proba Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu du, ondoko entitateen laguntzarekin: Dantzaleku Sakana Atletismo Kluba, Olaztiko Udala, Olaztiko Santa Ana eta San Migel elkarteak eta Olaztiko Sutegi elkartea. Babesle nagusia Burundesa da, beste hainbat komertzioren laguntzarekin (Netto, Coca Cola...). Helduetan 150 korrikalari espero dira, eta txikien kategorietan 100.Frontoia, erdiguneaSakanako herri lasterketak atletismoa bulkatu nahi du Sakanan. Kirol eta kultur zentzua duen proba antolatu nahi da, bide batez Sakanako herriak ezagutarazteko, kasu honetan Olazti. Aurkezpen egunean Javier Bados Olaztiko kirol zinegotziak azaldu zuen moduan, Olaztiko frontoia izango da probaren erdigunea. Bertan dortsalak banatuko dira eta sari banaketa (18:00etan) eta proba osteko auzatea (18:15ean) eginen dira. Lasterketaren irteera eta helmuga puntua frontoiaren parean egongo da. Kale Nagusia ardatz hartuta, eta norabide bikoitzean erabilita, 2,5 km-ko zirkuitua prestatu dute Olaztiko herri gunean, ermitako auzoraino igoko dena. Helduen proban 3 buelta eman beharko zaizkio zirkuituari, guztira 7,5 km osatuz. Beraz, zirkuitu guztia herri gunean egonen da eta ikusleek proba guztia gertu jarraitzeko aukera izanen dute. San Migel elkarteko Raul Audikana korrikalariak adierazi zuenez, zirkuitu polita eta entretenigarria izango da, erritmo aldaketa asko izanen dituena. "180 graduko giroa, ia gelditzera behartzen zaituena, ermitako auzorako igoeran dagoen aldapa, gero jaitsiera... aldaketa asko. Ikusleendako polita izango da, uneoro gertu ikusi ahalko digutelako" azaldu zuen. Herri gunea itxiko denez, Erburua kiroldegiaren inguruetan aparkatzeko deia egin dute Badosek eta Audikanak. Ildo honetan, kiroldegian egonen da dutxa zerbitzua. Behobia prestatzeko bikainaOlaztiko proba azaroaren 11n jokatuko den Behobia-Donostia lasterketa prestatzeko aproposa izango da. "Iaz 123 sakandar aritu ziren Behobian, eta lehenengoz Sakanako herri lasterketa Behobia baino lehen antolatu da. Ea korrikalari horiek guztiak Olaztin jokatuko den Sakanako Herri Lasterketan animatzera parte hartzen diren Behobia prestatzeko" gaineratu zuen Raul Audikanak. Produktu loteak zozketatuko diraLehenengoz ez da sari metalikorik emanen. "Arrazoia bikoitza da. Batetik, krisiaren eraginez aurrekontuak eta laguntzak jaitsi direlako; eta, bestetik, sari metalikorik ez dagoenez, proba herrikoiagoa izango delako. Hori aipatzen zigun jendeak, horrela jende gehiago animatuko zela, eta apustua hori egin dugu. Korrika egitera animatu nahi ditugu sakandarrak, bereziki emakumeak" aipatu zuen Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak. Horrela, Olaztiko komertzio guztietan erositako produktuen lote ugari zozketatuko dira korrikalarien artean. Ildo honetan, Olaztiko udal eta elkarteek emandako laguntza "proba antolatzekoa ezinbestekoa dela" nabarmendu zuen Mank-eko teknikariak. "Zirkuituko bidegurutzeak eta dortsal banaketa egiteko laguntza eskatu zaio Sutegiri, eta 15 pertsona arituko dira lanean. Eta ondorengo auzatea prestatzeko buru-belarri ariko dira lanean San Migel eta Santa Ana elkarteetan, lanak banatuz" gaineratu zuen Raul Audikanak. Oraindik izena eman daitekeIzena ematea oraindik zabalik dago, www.kirolprobak.com web gunean, azaroaren 2ko 14:00ak arte. Aurretik txip horia dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta egunerako txip txuria alokatuko dutenek 11 euro. Ordutik aurrera helduek ezingo dute izena eman. Txikienek, aldiz, egunean bertan apuntatzeko aukera izango dute, dohainik.