Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko asteazkenean, azaroaren 24an, Pedro Quintana Bengoetxea zendu zen, 84 urte zituela, bere jaioterrian, Olaztin. Emaztea, Adelaida Lopez de Goikoetxea, hiru alaba - Adelaida, Maria Pilar eta Idoia - , eta sei biloba utzi ditu kirolari ohi olaztiarrak. Izan ere, borroka libreko urrezko urteetan, kantxak leporaino betetzen zirenean, lehen mailako borrokalaria izan zen Pedro Quintana. Nahiz eta Bengoetxea I. izenarekin lehiatu "Hercules nafarra" ezizenarekin ezagutzen zuten askok. Gazte-gaztea zela hasi zen Pedro Quintana borroka librean lehiatzen. Ring-eko izar handia izan zen 50, 60 eta 70eko hamarkadetan. Beti kategoria berean aritu zen: pisu astun-arinean. 1976. urtean erretiratu zen, sekulako palmaresa utzita: 22 aldiz izan zen Espainiako txapelduna, 7 aldiz Europako txapelduna eta 3 aldiz munduko txapelduna. Borroka librea Quintanaren hitzetan"Zer da borroka librea?" galdetu genion Pedro Quintanari 2009an Guaixerako egindako elkarrizketa batean. "Ring bat dago, borrokalariendako, eta publikoa inguruan jartzen da. Bi borrokalariak izkina banatan jartzen dira eta soinua entzutean elkarri harrapatzera. Ea zeinek ahal duen gehien. Lurrera erori eta kolpe txar bat hartzen badu 10era arte kontatzen dute eta ez bada altxatzen galdu egiten du. Bestela, bizkarrez ea nork jartzen duen zein. 2 sorbaldak ringean jarri eta epaileak 3 kontatu aurretik gutxienez sorbalda bat lurretik jasotzen ez bada galdu egiten da. Edo neurketa uztarazten dion giltzaren bat egin. Aurkaria etengabe kontrolatu beharra dago nondik etorriko den ez baitakizu. Epaileaz gain, federazioaren mahaia dago" hori kontatu zigun Pedrok. Gizon umila, erantzuna ere halakoa da. Borroka librearekin zaletasuna txikitatik omen zuen. "Gainera, Urdiainen Otxoa zegoen, Burundesakoa. Hura eta beste batzuk borrokan ikusi eta zaletasuna sartzen zitzaigun. Hasi ginen arte. Lanbidea, hazienda bagenuen, baina probatzera joan nintzen.18 urterekin ni Badalonara joan nintzen, ikastera. Han gimnasio bat zegoen eta han ikasi nuen borrokan. Taberna bat zuten lehengusu batzuk genituen Badalonan eta ni han zerbitzatzen aritzen nintzen. Gauetan, berriz, gimnasiora. Egunero joaten nintzen, iluntzean. Ni ikasten aritu nintzen txapelketak hasi ziren arte". Horrela kontatu zizkigun bere hasierak. Indarra berezkoHasiera xume horietatik puntako borrokalaria izatera heldu zen. "Nik zortea izan nuen. Nire pisukoak hartu eta berehala bizkarrez jartzen nituen. Zergatik? Nire hemengo bizitza indarrezkoa izan zelako: enborrekin, egurrarekin eta besterekin. Nik bat hartzen nuen, hankak jasotzen nizkion eta pum, kitto" adierazi zigun irribarrez. Nahiz eta Quintana lehen abizena izan, Bengoetxea I. abizenarekin lehiatu zen. "Garai hartan han, euskaldunak gehiago erakartzen zuen. Quintana arruntagoa zen eta Bengoetxea erakargarriagoa zen. Horregatik, Pedro Bengoetxea" azaldu zigun. Bartzelonan eta Madrilen borrokatu zuen gehien, baina munduko txapeldun izanik, mundua ere ezagutu zuen. "Ekuadorren, Kolonbian, Venezuelan, Frantzian, Ingalaterran (asko) eta Alemanian (gutxi) izan naiz. Baina 8 egunetan borrokaldirik ez banuen etxera etortzen nintzen" azaldu zigun. Bere bizitza dokumentalera2009an Pedro Quintanaren bizitzari buruzko biografia nobelatua idazteko proposamena egin zioten haren senideek Jose Luis Urrutia idazle bilbotarrari. Urrutiak berak azaldu zuen berehala jabetu zela kontatzea merezi zuen historia zuela Quintanak, baina erabaki zuen liburu bat baino dokumental bat egitea egokiagoa zela eta horretan hasi zen. Horrela, Bitart eta JYT Kreaktibos produkzio-etxeek pantaila handira eraman nahi dute Olaztiko borrokalari handia. Jose Luis Urrutia da gidoilari eta zuzendaria. Hain zuzen ere, Quintanaren eta haren anaia Juanen papera egiteko aktoreak aukeratzeko castinga Olaztin bertan egin zuten. Izan ere, Olaztiko borrokalariaren izaerarekin liluratuta geratu zen Urrutia. Langile handia, burugogorra, umila eta zintzoa zen olaztiarra. "Jende askorendako Espainiako, Europako eta munduko txapelduna izan den borrokalari bat, erretiroa hartu zuenean Madrilen edo Bartzelonan lan egiteko aukera asko izan zituena, herrira doala artzain izatera ikustea! Hori izpiritu purua da. Izan zenaz bizitzera ez zen dedikatu. Helmuga finko bat zuen: bere lasaitasuna, bere herrian eta bere familia, eta Urbasako mendia. Eta bete egin du. Uste dugu horrek erakargarritasun handia duela. Gainera, bere garaipen, bere borroka eta bere ahalegina indartu nahi izan ditugu." Aipatu zigun Jose Luis Urrutiak 2009an, Guaixen Pedro Quintanari elkarrizketa egin genionean. El Hercules Navarro dokumentalerako grabaketa lanak egin dira, baina oraindik bukatzeko dago. Ordu bateko iraupena izango duela aurreikusten da. Urrutiak 10 minutuko iraupena duen aurrerapena aurkeztu zuen 2009an Bilboko Zinebi Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldian, Bengoechea. El luchador de Urbasa izenburupean. Olaztiko kultur etxean ere aipatu aurrerapena ikusteko aukera izan zen. Momentuz dokumental handia egiteko lanak geldirik daude. Espero dezagun Urrutiak bere proiektua aurrera emateko beharrezkoak dituen baliabide guztiak lortzea. Pedro Quintana Bengoetxea1928an jaio zen Olatzagutian. Belaunaldi hartan zenbait sakandar nabarmendu ziren borroka librean eta horien artean leku berezia izan zuen Pedro Quintanak. Bengoetxea I.a izenez ezagutzen zuen herriak, baina komunikabide batzuek Hercules nafarra ezizena eman zioten. Borroka libreko profesionala izan zen 50, 60 eta 70eko hamarkadetan. Bere modalitateko borrokalari onenekotzat dute adituek. Espainiako txapelduna izan zen 22 aldiz, Europako txapelduna 7 aldiz eta munduko txapelduna 3 aldiz. 1976an utzi zuen borroka profesionala. Goian bego. http://www.guaixe.net/Erreportaiak.asp?IdElkarrizketa=234&IdMota=0Guaixen Pedro Quintanari eta Jose Luir Urrutiari egindako elkarrizketa. Berriro gogoratzeko modukoa.