Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gogotsu, hartutako erabakiarekin aurrera egiteko asmoz hala dago Epifanio Marin, Cementos Portland Valderrivasgo (CPV) langilea. Oporraldi baten ondoren, astelehenean lanera bueltatu zen eta CPVk onartutako enplegu erregulazio espedientearen barruan lan postuz aldatzen zutela jakinarazi zioten: palista izatetik garbitzaile izatera, kategoria txikienera pasata, 3. mailako espezialista. Gainera, soldataren %40a murriztuko ziotela. Enpresaren eskaintza ez zuen onartu. "Sututa, apenas ezer irakurri gabe, nire kaleratzea sinatu nuen". Gero, bere lan tresna zena, pala hartu eta porlandegiko sarrerako zubira igo zuen eta hara kateatu zen. Zuzendaritzak Guardia Civila deitu zuen eta 3 ordu kateatuta egon ondoren askatu zen. Baina baraualdiari ekin zion. Babesteko furgoneta bat du. ZigorraMadrilen CPVko porlandegi guztietarako sinatutako espedientearen ondorio da gertatutakoa. Marin 14 urterekin sartu zen porlandegira lanera. 43 urte egin ditu eta 23 urtez langileen ordezkaria izan da, 2005era arte. Lan arloko borroka guztietan buru izan da. Palista izatetik garbiketa egitera pasatzeaz, Marinek esan digu ez duela horretan problemarik. "Lan duina da, baina ez ditut baldintzak onartzen. Lan horretan 20 urte zeramatzan jendea zegoen". Marinek gaineratu du: "duintasuna dut. Nire lanpostua mantendu nahi dut". Haserre, "bidegabetzat eta mendekutzat" jo du enpresaren jokabidea. "Lan erreforma eta espedientea baliatu dute ni kanporatzeko. Hori ez da egiten". Enpresak halakorik ez duela sekula egin azaldu du Marinek. Enpresa batzordeko (UGT 4, ELA 3, CCOO 2) buru den Javier Lekunberriren "erabateko zinismoa" salatu du Marinek. Enpresaren eskaintza onartu, bajan 6 hilabete eman eta alde aurretik jubilatzeko bidea lukeela esan omen zion. "Printzipioak ditut eta ez dut halakorik egin". Eta zer nolako espedientea negoziatu duen ere galdetu zion Lekunberriri. ELAPorlandegiko sindikatuko ordezkariek ezer baino lehen Marin babestu nahi izan dute. Berotasuna elkarretaratzeen bidez adieraziko diote egunero. "Beste neurri batzuk baino ikusgarriagoa da". Hala ere, gaiak luze jotzen badu bestelako neurririk ez dute baztertzen. ELAtik "haserre" azaldu dute kategoria kendu dieten guztiek bere eskubideen alde egin duten langileak direlako. ELAko 3 kide eta LABeko 1 dira birkokatu dituztenak. "Espedientea baliatu dute pertsona hauek zigortzeko. Umiliagarria da, are gehiago gidari azpikontrata bat dagoenean". ELAk kaleratzea baliogabetzea eskatu du. VendettaHalaxe definitu du Victoriano Gabirondo Lanzek enpresaren erabakia. "Eta nire kasuan, bikoitza", zehaztu du iturmendiarrak. 8 urtez enpresa batzordean LABeko ordezkari izan zen Gabirondo. Gainera, Iturmendiko alkatea ere bada eta udalak erabaki du Nafarroako Gobernuak porlandegiarendako onartutako udalez gaindiko proiektu sektorialari helegitea jartzea. Gabirondok esan digunez, erabakiarekin enpresak "lana eta pentsamendua nahastu ditu". Marini bezala, Gabirondori ere lanpostu aldaketa eta lan kategoria txikiena eskaini dio CPVk. "Onartu behar, bestela langabeziara. Eta Sakanan nahikoa langabetu daude". Bere kasuak aparteko berezitasuna du. Gabirondok enpresan izandako lan istripu batean besoa galdu zuen. CPVk garbiketak egiten jarri nahi luke, baina enpresa barruko lan osasunari buruzkoa txosten batek dio halako lanik ezin izanen duela egin. Beraz, zuzendaritzak jakinarazi dio lanpostu berdinean jarraituko duela, bulegoan. 2013tik aurrera lan bera eginen du, baina %40 inguru gutxiago kobratzen. Beste bi langileri Madrilgo porlandegian garbiketa egitea proposatu diete. Ez dute onartu eta kalean daude. EnpresaZuzendaritzatik gogorarazi dute talde guztiko ia 600 langileri eragiten dien espedientea onartu dela. Eta hura indarrean sartzeko baldintzak ere adostu zirela esan digute. "Horren barruan dago plantilako 72 langilek lanpostua mantentzeko hartutako neurria: orain arte kanpoko enpresek egiten zuten lana plantillako langileei eskaintzea". Zuzendaritzatik adierazi digute lanpostu horien eskaintza egin zaiela espedienteak ikututako langileei. Onartu dutenek jarraitzen dute, baina onartu ez duenari baja eman diote. "Marinek bere despidoa sinatu zuen". Batzarrak Egunero, 11:00etan eta 17:00etan, batzarrak eginen dira zubian. Marini babesa azaldu eta bisita egiteko deia egin du ELAk. Sindikatuko delegatuak ostiral goizean han izanen dira. EspedienteaCPVrako enplegu erregulazio espedientea CCOOk, UGTk eta USOk sinatu zuten Madrilen. Haren arabera Olatzagutiko lantegia 147 langileetatik 119ra pasako da urte akaberan. 28tik 14k 58 urte baino gehiago dituzte. Errelebo kontratua hartuta duten 4 langile (58 urtetik gorakoak) eta haien ordez dauden beste 4 langileak kalean daude. Horretaz aparte, 58 urte baino gutxiago 6 langileetatik 4ri azpikontratek egindako lana egiteko aukera eman zaie. Beste 2k taldeko beste porlandegietan lan egiteko eskaintza jaso dute.