Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lourdes Goikoetxea lehendakari-ordearen familiak Olatzagutiko plazan duen etxean hainbat pintada agertu ziren larunbat goizean. Errausketaren kontra, begi puntu bat eta "Barcina, Goicoechea, Sánchez de Muniáin algún día os saldrá caro" idatziak egin zituzten. Fatxada, altura ezberdinetan pinturaz zikindu zuten. Azken horiek ez beste gainontzeko pintada guztiak familiak garbitu zituen larunbat goizean. Olatzagutiko alkatetzak halakorik ez duela onartzen adierazi du. Aldi berean, nabarmendu du herritarrengan haserrea sortu duela udalez gaindiko proiektu sektoriala onartzeak, eta horrela porlandegian hondakinak erraustea inposatzeak. "Haserre hori bideratzeko beste erantzun mota batzuk daude: egin diren eta eginen diren mobilizazioak". Nafarroako Gobernuaren erabakiak Olatzagutian, Sakanan eta kaltetutako beste eskualdeetan sortu duen arbuioa estaltzeko gertakari horiek erabiltzea salatu du alkatetzak. Erreakzio gehiagoNafarroako Gobernuak erasoa kondenatu egin du. "Kargu publikoei eta haien senideei behartze onartezina dira" pintadak. Aldi berean, "Sakana ekonomikoki berriro aktibatzeko eta enplegua sortzeko konpromisoa berretsi du Nafarroako Gobernuak. Parlamentuko bozeramaileen batzordeak adierazpen instituzionala onartu du, Bilduren abstentzioarekin eta gainontzeko taldeen aldeko botoekin. Gertaerak errefusatu eta onartezintzat jo ditu "behartze eta mehatxu saiakera". Lourdes Goikoetxeari eta haren familiari elkartasuna eta babesa adierazi diete ere. UPNk ere pintadak "gogor" kondenatu ditu. Erregionalisten iritziz, "eraso honek ezker abertzaleko sektore askoren benetako jarrera erakusten du. Helburu politikoak lortzeko indarkeria, xantaia eta behartzearen aldeko apustua egiten segitzen dute". UPNk alderdi eta sindikatu abertzaleen kontra jo du, "haien oztopo lana Sakanan enplegua sortzea zailtzen ari da".