Herri inauterian zikindutako eraikinak garbituko ditu udalak

Guaixe 2013ko otsailaren 13a

Larunbatean ospatu zen Olatzagutiko herri inauteria eta, ohi denez, zamar handi eta txikiek ibilbidean opatzen zutenei turba botatzen egon ziren. Zenbait eraikin ere zikindu zituzten. Tartean plazan dagoen  Lourdes Goikoetxea lehendakariorde eta kontseilariaren familia etxea. Ondoren botatako euriak nabarmenena kendu badu ere, udalak garbitu eginen du. Ohar banaren bidez, PPk eta UPNk gobernuko kidearen etxeari ongarria botaz eraso egin ziotela jakinarazi zuten. Gertaera kondenatu eta gaitzetsi zuten. Olatzagutiko PPko zinegotzi Oscar Alvarezek halako erasoak "onartezinak eta justifika ezinak" direla adierazi zuen. Aldi berean, Alvarezek PPren siglak begi puntuan zuen pintaketa salatu du eta borratzeko eskatu zuen azken udal bilkuran. UPNko kideek gaitzetsi egin dute "alderdi demokratikoak mendean hartzeko oraindik erasoa eta mehatxua erabiltzea, haien xantaiari men egiteko". Ilbeltzaren 19an gobernuko kideen kontrako eta errausketaren aurkako pintaketak agertu ziren Goikoetxeatarren etxean.