Motorrak martxan

Guaixe 2013ko martxoaren 1a

Sakana Motorsportek antolatuta, martxoaren 9an, hurrengo larunbatean, I. Olazti-Urbasa Rallysprinta jokatuko da, 2013ko Nafarroako lehendabiziko lasterketa izango dena. Olaztikoa Nafarroako Rallysprint Txapelketarako proba puntuagarria da. Antolakuntzak 5,5 km-ko zirkuitu polita antolatu du, Olaztiko herri gunean hasi, Urbasako Altamiraino igo, Altsasuranzko bidetik jaitsi eta Olaztiraino helduko dena, bihurgunez, aldapaz eta zailtasun teknikoko maniobrez josia. "Oso zirkuitu polita eta interesgarria da. Tarte hain laburrean, 5,5 km-tan, gauza asko ditu, denetatik: 7 bidegurutze, aldapak, espaloiak, Urbasara igotzen bi rasante jarriko dira, chicaneak..." dio Sakana Motorsporteko Joseba Aldaz pilotuak. Probak, gainera, jakin mina piztu du. "Asteburu honetan Gabirian rallysprinta dago eta jendea Olaztiko probaz galdezka ari da, jakin minarekin eta ikusteko gogoz. Urbasak beti erakartzen du" gaineratu du Aldazek. Zirkuitu ikusgarriaPilotu bakoitzak 4 aldiz osatu beharko du 5,5 km-ko zirkuitua. "Rallysprinta 14:00etan hasiko da, baina pilotuek azken pasada iluntasunean eginen dute, 18:30-19:00etan hasita. Oso polita eta ikusgarria izango da. Guztia kontuan hartuta, 14:00etatik 20:30ak ingurura arte ariko dira lanean autoak. Eta zaleek gertutik ikusi ahal izango dute dena" ziurtatu du Aldazek. Eremu handi bat Olaztiko herri gunetik pasatzen denez, herrian bertan ikusle asko espero dira, baina baita Altamira gainean eta Altamirako jaitsieran. "Altamiratik beherako eremu hori eremu azkarra da eta autoak azkar jaitsiko dira. Toki erakargarria da proba ikusteko" gaineratu du Olaztiko pilotuak. Proba gertutik ikusteko hainbat eremu daude, baina jakina, beti ere segurtasun neurriek markatzen duten distantziatik eta antolakuntzako boluntarioen azalpenei kasu eginez eta errespetatuz.Ez dago zalantzarik puntako ikuskizuna izanen dela. Puntako pilotuak espero dira, iaz Euskal Herriko Rally txapelketako txapeldunorde Perez "Los Txutxi" anaiak tarteko, Castrotarrak tarteko... eta pilotu eta kopilotu sakandarrak ere. "Arkaitz Irigoien Oier Larrañaga kopilotuarekin, Garikoitz Goñi, Iñaki Gastaminza, Garikoitz Flores... pilotuak aritzekoak dira, baita Javier Goikoetxea kopilotua, pilotu leitzar batekin. Ni neu baita, Iker Azkargorta kopilotuarekin, autoa puntuan jartzeko astia baldin badut" adierazi digu Joseba Aldazek. Sergi Ondarra pilotu bakaikoarra 0 auto bikoitzean joanen da, eta Iban Lopez de Goikoetxea pilotu olaztiarra 0 autoan. Baina oraindik ere izena ematea zabalik dago eta inskripzio gehiago espero dira. Eta, jakina, ikusle andana espero ditu antolakuntzak. Antolakuntza prestakuntza lanetan murgildua dago. "Nafarroako Automobilismo Federazioak probaren komisarioak eta beste jartzen ditu, baina boluntarioak behar ditugu bidegurutzetan eta beste egoteko eta segurtasun lana egiteko. Lagundu nahi duenak jarri dadila gurekin harremanetan: 677 85 81 83 eta 607 87 20 17. Aldez aurretik mila esker" eskatu du Joseba Aldazek. EntrenamenduakAsteburuan ibilbidea ezagutzeko parada izango dute pilotuek. "Errekonozimendu itzuliak izango dira, notak eta beste hartzeko. Errepidea zabalik egongo da eta, hortaz, gehienez orduko 35 km-ko abiadura hartu ahal izango dute pilotuek, eta gehienez ere 5 pasada eman ahalko diote ibilbideari" azaldu digute. SegurtasunaSakana Motorsportek eskaera berezia egin nahi izan du: inor ez dadila joan ordutegitik kanpo entrenatzera. "Sakana Motorsportetik eskatu nahi diegu, mesedez, benetako zaletuak badira, Olaztiko bizilagunak, rallysprintean lan egingo duten boluntario guztiak, lagundu diguten babesle guztiak, eta eskuderia honetako kide guztien lana errespeta dezatela eta ez daitezela asmo horiekin etorri. Sakanara Rallye eta Igoerak bueltatzeko esfortzu ikaragarria egiten ari gara, eta honen jarraipena guztion jarreraren esku dago" nabarmendu dute. Izan ere, Sakana Motorsportendako segurtasuna bermatzea oso inportantea da. "Segurtasuna ezinbestekoa da, bai proba aurretik eta baita proban bertan. Kotxe karreraz ari gara. Horregatik antolakuntzari eta segurtasun taldeari kasu egin behar zaio" nabarmendu dute. Jasotakoa Guaixe eta Beleixe bulkatzekoSakana Motorsportek Guaixe eta Beleixe Sakanako euskal komunikabideen alde egin nahi izan du. Horrela, komunikabide horiek sustatzen dituen Bierrik fundazioarendako izango da Olazti Urbasa Rallysprinteko sarreran kobratuko den dirua. "Bierrik fundazioko kideek sarrera kobratuko dute eta rallysprintaren garbiketa lan guztia egingo dute trukean. Horregatik rallysprinta ikustera datozen guztiek, argi izan dezatela sarrera ordaintzen eta eremua garbi uzten Guaixeri eta Beleixeri mesede handia egingo dietela" adierazi dute Sakana Motorsportekoek. Bierrikek boluntarioak behar ditu: 948 564 275Guaixe astekaria eta Beleixe irratia kudeatzen dituen Bierrik fundazioak boluntarioak behar ditu martxoaren 9an, Olaztiko Rallysprintean, sarrerak kobratzeko eta garbiketa lanak egiteko. Mesedez, boluntario izateko jo 948 564 275 telefonora edo bierrik@guaixe.net posta elektronikoraRallyan inskripzioa egitekoNafarroako Automobilismo Federazioan, martxoaren 4a baino lehen (www.fenauto.com web gunea, 948 228 460 telefonoa).