Olatzagutiko literatur taldeak martxoan ezohiko irakurgaia izan du esku artean: film baten gidoia. Joseba Salegik idatzi berri duen gidoia, Tecla rota. Zuzendari altsasuarrak bere film berriaren gidoia literatur taldeari (eta hainbat herritarri) utzi die. Haiek irakurri eta gidoiaren inguruan duten iritzia Salegiri zuzenean azaltzeko aukera izanen dute. Halako iritzi trukeak bilatzen ari da altsasuarra gidoia ontzeko prozesuan. Orain arte banakakoei pasa die gidoia, baina estreinako aldia da talde baten aurrean jarriko dena bere obraz duten iritzia jasotzeko. Jendeak egiten dizkion ekarpen guztiak, onerako eta txarrerako, kontuan hartzen ari da Salegi, beti ere, istorioaren mesedetan.