Zeluloideztatu nahi duten letrak

Guaixe 2013ko mar. 27a, 12:57

Bere filma izatea nahi duen gidoiaren nondik norakoak luze aletu zituen Joseba Salegik ostiralean Olatzagutiko kultur etxean. Altsasuarrak gidoiak jaso duen istorioaren genesia bere inspirazioetan eta bizipenetan kokatu zuen. Gerra ostean estatuan gelditu behar izan zuten intelektualak; bizitza gelditu zaiela dirudien pertsonak; etsaigoak; familia harremanak eta pertsonaien arteko erakarpena, elementu horiek osatzen dute gidoia.

Karibea eta Nafarroa artean kokatzen den istorioa da. Salegik kultura partekatzeko dela uste duelako, bere gidoia jendeari irakurtzen utzi dio. Irakurleek egin dizkioten ekarpenekin (onak eta txarrak) aberastu du zuzendariak bere gidoia. Banakako hartu-emanak izan ditu gehien bat Salegik. Irakurleekin aurreneko topaketa kolektiboa ostiralekoa izan zen. 29 pertsona bildu ziren: herriko literatur taldekoak eta Salegik gonbidatutako hainbat altsasuar ere. Gidoia lan tresna zela azaltzeaz gain, luze jo zuen gidoiaren xehetasunak azaltzen. Hainbatek gidoiaren une batzuen inguruko iruzkinak etxera eraman zituen, haien gainean lan egiteko. 

Tecla rota gidoia ontzeko Ikus-entzunezko Arteen eta Zinemaren Nafarroako Institutuaren laguntza jaso zuen Salegik. Asier Anduezarekin batera idatzi zituen istorioaren oinarria. Eta Paco Cortes eta Alfredo Alvaroren laguntzaz ondu ditu lanaren azken bi bertsioak. Hitzak irudi bihurtzeko ekoizle bila hasia da Salegi.