Hirigintza planari azken aurreko ukituak

Guaixe 2013ko maiatzaren 2a

Olatzagutiko Udalak aurreko ostegunean egindako bilkuran hirigintza planaren aldaketen behin behinean onartu zituen. Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin argitaratu ondoren interesatuek bi hilabeteko epea izanen dute alegazioak aurkezteko. Gurutze Rodriguez alkateak esan digunez, 2007tik zabalik dagoen gaia lehenbailehen behin betiko onartzea nahi du udalak. Bilkura berean, udalak Sutegi (1.500 euro Olazti-Urbasa mendi lasterketarako), Kamiozar jubilatu elkarteekin (6.162 euro urteko jardueretarako) eta San Migel elkartearen (3.500 euro pilota txapelketarako) hitzarmenak onartu zituen. Egiten dituzten jardueren truke udalaren laguntza jasoko dute lau erakundeek.  HondakinezUharte Arakilen eta Etxarri Aranatzen egin bezala, Olatzagutian PPk duen zinegotzi Oscar Alvarezek eskatu zuen hondakin bilketa bulegoan bosgarren edukiontziari buruzko informazioa ematea. Horrekin batera, atez ateko bilketa beharrean 5. edukiontzia jartzea aztertzea eskatu zuen popularrak. Haren arabera aukera horren abantailak dira: olaztiarren intimitatea mantentzea, garbitasuna, erosotasuna (edozein unetan bota daitekeelako), estetikan ez luke eraginik izanen eta kostua murritzago litzateke. Popularrek eta sozialistek aukera horren alde egin zuten, baina mozioak ez zuen aurrera egin Bilduk kontra bozkatu zuelako. Koalizioak argudiatu zuen hondakinen kudeaketa udalak Mank-en esku utzi duela. Horretaz gain, proposatu den bilketa sistema berria orokorrean merkeagoa dela. Auzo-konposta edo konpostak egiteak hondakinak noiznahi ateratzeko aukera ematen duela ere azaldu zuten koaliziotik. Olaztiko zenbait etxetan zabor poltsak zintzilikatu dituzte, hondakin bilketa sistema berriaren kontra protesta egiteko.LaneanLangabezian zeuden eta udalak kontratatu dituen igeltseroa eta peoia gaur hasi dira lanean. 5 hilabete eta erdiz egonen dira lanean. Haien egitekoen artean daude eskolako sarrerako eta espaloietako oztopo arkitektonikoak kentzea. Nafarroako Gobernuak %80an lagunduko ditu kontratazio horiek. Bestalde, hilaren erdialdean oinarrizko errenta jasotzen duten beste bi langile kontratatuko ditu udalak, urte erdirako.