Aralarko aingeruaren irudia etzi mustuko da

Guaixe 2013ko maiatzaren 3a

Domekan, eguerdiko mezaren ondoren, forjazko Aralarko aingeruaren irudia mustutzeko ekitaldia eginen da Olatzagutian. Pako Beloki apaizak azaldu digunez, Aralarko aingeruaren irudia San Frantzisko kalean dago, eliz etxe ondoan eta elizari eusten dion harresian. Belokik berak inguru hura garbitzeari ekin zion eta paretan atari moduko bat izan zitekeen tokian, horma-hobi bat prestatu eta han Aralarko sainduaren irudia jartzea otu zitzaion. Udalaren baimena jaso ondoren, etzi mustuko dute Aralarko aingeruaren irudia. Elizkizunaren ondoren, ekitaldi txiki batean, otoitzaldi, kantuak eta trikiti doinuekin mustuko dute Izurdiagako Brun forjariek egindako irudia. Auzatea ere izanen da.