Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo Madrilen izan ziren Cementos Portland Valderrivas (CPV) taldeko porlandegietako sindikatuetako ordezkariek. CPVko buruek azaldu zieten zementu salmenta jaitsi egin dela eta 2012an 27,7 milioi euroko galerak izan zituen taldeak. Aurtengo eta heldu den urterako aurreikuspenak okerragoak direla eta galerei aurre egiteko neurri sorta hartuko dutela iragarri zuten CPVko buruak. Ez dute porlandegirik itxiko baina estrategikoak ez diren aktiboak salduko dituzte. Horrekin batera, korporazio egituran kaleratzeak izanen direla aurreratu zuten. Porlandegietan, berriz, kontratuak aldi baterako eteteko enplegu erregulazio espedientea aurkeztuko du. Horrekin batera, langile guztiei soldata murriztea eta lan baldintzen moldaketa egiteko asmoa azaldu zuen. ELAtik azaldu digute aurretik hartutako neurriekin lan baldintzak nahikoa aldatu dietela. Espedientea aztertzeko prest azaldu da ELA, baina ez soldatak. UGTren eta CCOOren iritzirik ezin izan dugu jaso.