Aurrekontu faltak porlandegiaren balioztatze egitasmoa atzeratu du

Guaixe 2013ko maiatzaren 17a

Halaxe aitortu zuen atzo Cementos Portland Valderrivasko (CPV) presidente eta kontseilari delegatu Jose Luis Saenz de Mierak. Olatzagutian izan zen zuzendaritza eta enpresa batzordearekin bilduta. Hondakinak balioztatzeko aurretik egin beharreko lanak noiz hasiko ziren galdetu zion enpresa batzordeak presidenteari eta hark erantzun zuen aurrekontu faltagatik atzeratu egin direla. Saezek ziurtatu zuenez, "ahal denean eginen dira lanak, porlandegiaren lehiakortasuna mantentzeko balioztatzea beharrezkoa baita". Bilera berean Saezek azaldu zuen CPVren aurtengo aurreikuspenak txarrak direla eta hurrengo urtekoak okerragoak. Horregatik, kaleratzeak, kontratuak aldi beterako eteteko enplegu erregulazio espedienteak, ondasunen salmenta eta beste egin beharko zituztela azaldu zuen Olatzagutian. Hori guztia negoziatzeko mahaia maiatzean Madrilen osatuko dela aurreratu zuen.