CPVko espedientearen negoziazioa gaur hasiko da

Guaixe 2013ko ekainaren 27a

Cementos Portland Valderrivaseko (CPV) zazpi porlandegietako ordezkariak gaur Madrilen bilduko dira, zuzendaritzak aurkeztu duen Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) negoziatzeko. Garilaren 19an despedituko da espedientearen negoziazio epea. Asteartero hitzordua jarrita dute aldeek. Olaztiko porlandegiko enpresa batzordeko (UGTk 4, ELAk 3 eta CCOOk 2) buru Javier Lekunberrik aitortu digunez, "hasierako planteamendua kezkagarria da". Gaur zuzendaritzari espedientea berraztertzeko eskatuko diote, hainbeste langileri eta hain atal garrantzitsuri ez eragiteko. "Errorea estrategikoa eta etorkizunekoa litzateke", ziurtatu du Lekunberrik. Horregatik, negoziazioetan lanpostuen galera ekarriko ez duten konponbideen alde eginen dute UGTkoak. Aldi baterako kontratuak eteteko espedientea, malgutasuna eta bestelako neurriak aipatu ditu Lekunberrik. ELAko Aitor Irigoienek esan digunez, negoziazioa Olatzagutian egiteko eskaera eramanen dute Madrila. Lantegi bakoitzaren errealitatea ezberdina denez lan zentro bakoitzean negoziatzea aldarrikatu dute ELAkoek, "espedientearen eragina txikitzeko konponbide zehatzak emateko". Horretaz gain, Irigoienek porlandegiarendako bideragarritasun plana eskatu du. "Udazkenean egin zen hemen lantegiaren berregituraketa 28 langile kaleratzean" azaldu du Irigoienek. ELAtik ziurtatu dute ikerketa, garapen eta berrikuntza departamenturik gabe etorkizunik ez dagoela. Protestak ELAk grebara deitu ditu bihar porlandegiko langileak. 39 kaleratzeen ondoren gelditzen diren langileei eraginen dieten erregulazioak, soldata jaitsierak eta beste etorriko direlako zuzendaritzaren erabakiak plantilla guztiari eragiten diola uste dute ELAko kideek eta zuzendaritzak aurkeztutakoa "adabakitzat" jo dute. Antolatuko diren aldarrikapen ekintza guztietan parte hartzera animatu du plantilla.Bihar,18:30ean, Iruñeko Vinculo plazan eginen den kontzentrazioan parte hartuko dute porlandegiko langileak. CPV taldeko Alaizko harrobietako langileen egin dute deialdia, espedienteak ere haiek ukitzen baititu. Atzo taldearen 7 porlandegietako ateetan kontzentrazioak deitu zituzten UGTk eta CCOOek. EEEren kontra negoziazioa leloa zuen eutsi zioten pankartak. Olatzagutian ELA ere kontzentrazioarekin bat egin zuen eta kaleratzerik ez, plantilla minimoen azpitik mezua zabaldu zuten.