Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean bildu ziren Cementos Portland Valderrivas (CPV) taldeko zazpi porlandegietako langileen ordezkariak eta taldeko zuzendaritza Madrilen. CPVk aurkeztu duen kontratuak hausteko Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) mahai gainean izan zuten. UGTko Javier Lekunberrik jakinarazi digunez, negoziatzen ari dira eta oraindik ez dago ezer zehaztuta. CPVk proposatutako 227 kaleratzeak ahalik eta gehien txikitu nahi dute UGTkoek. Horretarako 55 urtetik gorakoei aurrejubilazioak eskaintzea proposatu dute. Bestalde, kaleratuendako CPVk gutxieneko kalte-ordaina proposatu du (20 egun lan egindako urta bakoitzeko) eta hori onartezintzat jo du Lekunberrik. "Aurrerapenik ez badago oso egoera zailean egonen gara" esan digu UGTkoak. ELAko Aitor Irigoenek negoziazioan aurrerabiderik ez dela izan esan digu. Aurreko astean ELAk Olatzagutiako porlandegiaren bideragarritasun plana eta EEE Olatzagutian bertan negoziatzea eskatu zuen eta ez du erantzunik jaso, baina ELAk eskaera berretsi du. Aldeak heldu den astearterako jarri dute hitzordu berria. Espedientearen kontsulta epea hilaren 19an despedituko da.