PPk bere jarduera urraketa eta sufrimendu gehiago ez egotera bideratzeko eskaera

Guaixe 2013ko uztailaren 4a

Egiari Zor fundazioko Elena Bartolomek (Josu Muguruzaren bikotea), Lurdes Oñederra (Ramon, Katturen arreba) eta Eneko Etxeberria (Jose Migel Etxeberriare, Naparraren senidea) osteguneko udal bilkurako galde eta erreguen txandan  hitza hartu zuten. PPri zuzenduta haien jarduna "bizi dugun sufrimenduaren zati bat arintzeko" bidera zezatela eskatu zioten. GALek eraildako Angel Gurmindo Lizarragaren, Steinen argazkia bilkura gelan zegoelako sortutako gertaerak eta PPko zinegotziek egindako erabilera gogor salatu zituzten. 29 urteren ondoren familiari min erantsia eman diotela nabarmendu zuten fundazioko kideek. Egiari Zor-eko kideek esan zutenez, "Estatuak eskura zituen bitarteko guztiak erabili ditu disidentzia eliminatzeko". Hari aipamena egiteko esapide "leunak" eta hura praktikatu zutenek jasotako onurak salatu zituzten. Egiari Zor-eko kideek haien senideen memoria aldarrikatzeko asmo irmoa berretsi zuten. "Gizarte libreago eta justuago bat eraikitzeko zoru etikoak, besteak beste giza faktorea jaso behar duela" uste dute fundazioa. Baina "tranpari" ez egitea eskatu zuten: "sortutako sufrimendu guztia jasoa gelditu beharko du, hortik aurrera berriro gertatuko ez dela bermatu ahal izateko".