Bilduk inboluzioa ikusi du alkatea ikertzean

Guaixe 2013ko uztailaren 9a

GAL-ek hildako Angel Gurmindo Lizarragaren argazkia udaleko bilkura gelan izategatik Espainiako Auzitegi Nazionala Gurutze Rodriguez alkatea ikertzen hasi da. Eta egintza horretan Bilduk "egoera politiko berrira ezin egokitu daiteke eta espainiar estatuak inboluzioan ematen ari den urrats bat gehiago" ikusi zuen. Ostiralean, Rodrigezekin batera prentsa agerraldian aurretik auzitegi berak ikertu dituen koalizioko Leitzako Oier Eizmendi, Atarrabiako Peio Gastearena eta Altsasuko Garazi Urrestarazu alkateak eta Maiorga Ramirez parlamentaria izan ziren. Azken hiru horien kontra epaitegiak ez zuen inolako neurririk hartu. Baina "edozein aitzakia ona da Bilduko alkateen kontra egiteko". Bilduko kideen ustez auzitegiko ikerketa horren atzean "asmo politiko nabaria" dago. "Hondoko eztabaida saihestu nahi dute. Bere horretan iraun nahi dute eszenatoki berriari ez heltzeko eta politika normalizaziorantz irmo eta eraginkor aurrera egiteko". Koaliziotik gaztigatu zuten "iraganeko errezetek ez zutela aurre egiteko balio".