Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
916 langiletik aurreikusitako 227ak baino 61 gutxiago izanen dira. Olatzagutiko porlandegitik zenbat izanen diren zehazteko dago, 29 aurreikusi zirenAsteazken iluntzean sinatu zuten Enplegu Erregulazio Espedienteko (EEE) aurre-akordioa Cementos Portland Valderrivasek (CPV) eta CCOO, UGT eta USO sindikatuek. Langileen batzarrek berretsi beharko dute akordioa (Olatzagutian aldeko 51 boto, 21 kontra eta 6 abstentzio). Hala eginen balute asteartean sinatuko litzateke akordia. Ordurako zehatz jakinen da zenbat diren kaleratuak Olatzagutiko porlandegian. Kaleratzeak irailaren 30erako eginen lirateke, baina postu konkretuen arabera enpresak kaleratzea atzeratu dezake, baina abenduaren 31rako 166ak kaleratuak izanen lirateke. EEE aurkeztu zuenean, CPVk iragarri zuen hura indarrean jarri ondoren neurri gehiago hartuko zituela, besteak beste: lan egutegia egokitzeko aldi baterako kontratuak eteteko enplegu erregulazio espedientea eta soldaten murrizketa. Kalte-ordainakKaleratuak izanen diren 166 langileak joan zen urtean kaleratu izan ziren langileen baldintza berdinekin kaleratuko dituzte. Horren arabera, 58 urte baino gutxiago eta 28 urte baino gutxiagoko antzinatasuna dutenak lan egindako urte bakoitzeko 28 eguneko kalte-ordaina jasoko dute, 18 hilabeteko mugarekin. Gainera, 2.000 euroko kopuru lineala. Kopuru hori ez zaie emanen kontratu erreleboan ari direnei. 58 urte baino gutxiago eta 28 urte baino gehiagoko antzinatasuna duten langileek lan egindako urte bakoitzeko 30 eguneko kalte-ordaina jasoko dute, 22 hilabetera mugatuta. 55 urterekin kaleratuak direnak 4.000 euroko prima bat jasoko dute. 3.000 eurokoa izanen da 56 urtekoen kasuan eta 2.000koa 57 urte dutenendako. 58 urte edo gehiago dituzten langileek gehienez 38 hilabeteko kalte ordaina jasoko dute, 165.000 euroko topearekin. Olatzagutiako porlandegian joan den urtean atera ziren adin hori edo gehiago zuten langileak. Orain 6 besterik ez daude. Postuaren arabera, 55 urtetik gorakoek boluntarioki joateko aukera ere onartu dute, CPVk jubilatu bitartean kotizazioa ordainduko lioke. Espedienteak kaltetutakoak enpresan birkokatzeko lehenesten dituen lan poltsa sortuko da ere. Horrekin batera, espedientearen gauzatzea segituko duen mahaia sortuko dute. AdierazpenakCCOOtik adierazi dute "enpresaren asmoak txikitzeko arlo guztietan lan egin dugu. Ahalik eta kaleratu gutxien egoteko eta kaleratuak direnak ahalik eta baldintza onenak izan ditzaten". UGTko ordezkariek azaldu digute sekula ez dela pozgarria kaleratuak dituen akordio bat babestea. "Akordio honen alternatiba EEE zen". Negoziazioan ahalik eta kaleratze gutxien egoteko eta kaleratuak ahalik eta baldintza onenetan joateko borrokatu dutela nabarmendu dute UGTkoek, eta legeak aurreikusitako gutxieneko kalte-ordaina bikoiztu dela nabarmendu dute. ELAko ordezkariak akordioaren kontra bozkatu zuen (CGTk ere), kaleratzeak ez dituztelako onartu eta CPVk langileen ordezkarien proposamena bere egin ez duelako. Horren arabera, akordioa sinatu ondoren, lantegi bakoitzean kaleratze traumatikoak eragozteko enpresa batzorde bakoitzak aukera izanen luke langileei proposamenak egin eta denen artean EEEren karga banatzeko.