Iturritxo bidea kaleko auzo-konpostagailuak tokiz aldatzea eskatu dute auzokideek

Guaixe 2013ko uztailaren 25a

Zerbitzua hobetzeko, Mank-en herritarrek egindako proposamenak aztertu eta baloratzeko prest azaldu diraIgerileku ondoan eta mediku kontsultategiaren parean dauden bi auzo-konpostagailuak eta hondakin bilketa sistemako zintzilikarioak kentzeko eskatu dute hainbat auzokidek. Kexu dira auzo-konpostagailuen usainarekin eta erakartzen dituzten euliekin. Horretaz gain, jendeak hondakin organikoak pertzetan utzi beharrean poltsetan uzten dituela eta katuek haiek urratu eta hondakinak lurrean barreiatuta, zikin gelditzen direla esan digute. Zintzilikarioak eta auzo-konpostagailuak pasabide batean ere badaudela ere nabarmendu dute. Inguruan kokapen egokiagoak daudela eta horiek aldatzea eskatu dute auzokideek. Mankomunitateak hondakinak kudeatzen baditu ere udalaren lurretan kokatzen dela ere nabarmendu zuten. SalaketaAipatutakoak etxe kontra dituen auzokide batek usainak eta euliak etxeraino sartzen zaizkiolako behin baino gehiagotan joan da udaletxera eta mankomunitatera aldaketa eskatzeko. Hala berretsi digu beste auzokide batek. Atzo, auzo-konpostagailuen jarraipena egiten duen Sakanako Mankomunitateko langile bat Iturritxo bidea kalera agertu zen, bilketa sistema berria ezarri zenetik ohikoa duenez, auzo konposta egoki egiten ari direla ziurtatzeko. Auzokideak langilea oldarkor hartu zuen, haren lantresnen kontra joz eta oihu egiten. Mank-eko langileak lasaitzeko eskaerekin batera, adierazi zion haiek direla aurreneko interesatuak gauzak ongi funtzionatzen ez badute hobetzeko, baina proba aldi bat eta jarraipena behar zela erabakiak hartzeko. Beroaldian Mank-eko eta udaleko langile baten kontra jo zuen. Aurrekoak mehatxu, irain eta erasoagatik salaketa jarri du. Mank-en oharraSakanako Mankomunitateko lehendakari Aitor Karasatorre Muguruzak azaldu digunez, orain arte kexu horren berri ez zuten. Karasatorrek berretsi du haiek direla aurreneko interesatuak hondakin bilketa sistema berria ongi funtzionatzeko. "Hobetzeko aldaketak egin behar badira, eginen dira. Sakandarren eskaerak aztertu eta baloratzeko prest gaude, hobetzen laguntzen digutelako". Karasatorrek gogora ekarri du eskaerak eta kexuak Uharte Arakilen, Etxarri Aranatzen eta Olatzagutian zabalik dauden informazio bulegoetan egin daitezkeela, baita Lakuntzako egoitzan ere. Argibideak eskatzeko edo zalantzak argitzeko 900 730 450 telefonora hots egin daiteke ere gogorarazi du.Bestalde, Interneten www.sakana-mank.com/hondakinak blogean, www.facebook.com/sakanamank eta www.twitter.com/sakanamank sare sozialetan informazioa eskuratu daiteke. Baita info@sakana-mank.com e-postaren bidez ere.