Portlanden 18 kaleratze izanen dira

Guaixe 2013ko uztailaren 25a

Enpresan 104 langile geldituko dira. Joan den urtean porlandegia beste 28 langilek utzi behar izan zutenZuzendaritzak eta CCOO, UGT eta USO sindikatuek adostutako Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) lantegietako batzarrek berretsi ondoren, asteartean sinatu zen. Olatzagutiko porlandegian hasieran aurreikusi ziren 29 kaleratzeak baino 11 gutxiago izanen dira, 18: bat zuzendaritzako kidea da, 58 urte betetzean 6 langile aurre-jubilatuko dituzte eta 11 langile gehiago kaleratuko ditu Cementos Portland Valderrivas-ek (CPV). Irailaren 30erako kaleratuko dituzte langileak, nahiz eta enpresak arrazoiren bategatik langileren baten kaleratzea atzeratu dezakeen. Kasu horretan, hala ere, urtea despeditu aurretik kaleratuko lukete. Zementu kontsumoa jaitsi egin denez, CPVk iragarri ekoizpena doitzeko bestelako neurriak hartuko dituela irailetik aurrera: lan egutegia egokitzeko aldi baterako kontratuak eteteko enplegu erregulazio espedientea eta soldaten murrizketa. ErreakzioakUGT-tik adierazi digute "kaleratzeak izatean ezin dugu balorazio positiborik egin. Ahal ziren lanpostu gehienak salbatzen saiatu gara". Ikerketa eta garapen zentroaren zati bat mantenduko dela esan digute UGTn, martxan dauden proiektuekin segitzeko. Bestalde, kaleratzeekin CPVk zementua egiteko bigarren labea itxitzat eman duela nabarmendu dute. Madrilgo negoziazio mahaian gehiengoa duen CCOOren adierazpenik ez dugu lortu. ELAko ordezkariek kritiko azaldu dira emaitzarekin, kaleratzeak ez diren beste aukerak aztertu ere egin ez direlako. ELAtik gaineratu dutenez, "kaleratuetako batzuk gelditzen direnak baino esperientzia eta prestakuntza handiagoa dute". 11 kaleratuetatik 7 ELAko kideak (haietako bat ordezkari sindikala), beste bat LABekoa eta gainontzeko 3ak afiliaziorik gabeko langileak direla nabarmendu digute. ELAtik nabarmendu dute lantegian jarraituko duten beste 11 langileak UGTren eta CCOOren karneta dutela. Astelehenean Madrilen eginen den EEE inspekzio bileran ELAk jazarpen sindikala salatuko duela aurreratu digute. Asteartean Madrildik kaleratuko zituzten langileen kopurua etortzea espero zen, baina izen-abizenen zerrenda iritsi zen. Kaleratutako batek bere sentipena adierazi digu: "Lantegian izandako batzuk izandako jokabideengatik, erabakia aurretik hartua zuten. Ez gaitu enpresak bota, lankide izan ditugunak baizik".