CPVk zementuaz aparte magnesio-oxidoa eta dolomia sinterizatua produzituko ditu

Guaixe 2013ko irailaren 16a

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, Andres Eciolaza Carballok, ingurumen baimen integratu berria eman dio Cementos Portland Valderrivas, S.Ari (CPV). Baimen horren arabera, hainbat baldintza betez, enpresak Olatzagutiko porlandegian zementua fabrikatzeaz aparte magnesio-oxidoa eta dolomia sinterizatua produzitzeko aukera du. CPVk martxoaren 20an egindako jarduera aldaketa eskaeran adierazi zuen magnesio-oxidoa eta dolomia sinterizatua ekoizteko jarduerak ez duela lau urte baino gehiago iraunen eta, horregatik, jarduera 2017ko martxoaren 26ra arteko jarduera baimena izanen du porlandegiak. Europatik ezarritako emisio-mailak lortzeko behar diren teknika onenak ezarri beharko lituzke CPVk. Baina Nafarroako Gobernuaren iritziz kostuak enpresarendako "neurriz kanpokoak dira ingurumen onuraren aldean". Isurketa baimena, bestalde, bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen baditu porlandegiak.Oso kutsagarriaPorlandegiko jarduera berria hala dela uste du 3 Mugak Batera (3MB) plataformak. 3MBko kideek Nafarroako Gobernuari leporatu diote "azpikeriaz eta iluntasunez jokatuz, herritarren inolako parte-hartzerik gabe" porlandegiari baimen berria ematea. Plataformako kideek azaldu dutenez, "orain arte magnesita ekoizpena Zubirin eginda eta fabrikak isuritako kutsatzaileak arazoak sortu ditu inguruko herrietan". 3MBtik azaldu dutenez, "prozesuan ekoizten SOx emisioak industria kutsatzaileenek (termikoak edo kimikoa) isurtzen dutena baino handiagoa da". Errausketaren kontrako mugimendutik gogorarazi dute porlandegiak dagoeneko 55.500 tona hondakin erretzeko baimena duela. "Orain porlandegiak Zubiritik hasita 23.000 kamioik ekarriko duten minerala erretzeko asmoa du. Han erabiltzen duten materiala baino ia %50 gehiago, han ekoizten dena baino %35 gehiago ekoizteko". 3MBtik ohartarazi dute "eskualdeak jasan beharko duen kutsatzaile maila izugarria" izanen dela. "Portlandi eman zitzaion azken baimenak, berez zementu ekoizpen prozesuari dagozkion salbuespenez gai, errauskailu baten antzeko kutsadura mailak ahalbideratzen dizkio. Horri guztiari orain, produktu berriaren ekoizpenari dagozkion salbuespen berriak gehitu behar zaizkio". Nafarroako Gobernuaren jokabidea "lotsagabea" dela salatu dute, Zubirin Magna enpresak betetzera behartutako neurriak Portlandi betetzera ez behartzeagatik. Zubiriko enpresa estatuko kutsatzaile nagusien zerrendan lehen postuetan dagoela gaztigatu ondoren, porlandegiaren emisioa maila hura baino handiagoa izanen dela ziurtatu dute plataformatik. Aldi berean, Nafarroako Gobernuak jarrera salatu du 3MBk, Europatik ezarritako emisio-mailak lortzeko behar diren teknika onenak ez ezartzeko erabakiak "kaltetutako populazioaren osasunarekiko estima gutxi erakusten du". Porlandegiaren jarduera berriak lanpostu berririk ez duela sortuko eta enpresak bere kaleratze planarekin segituko duela azaldu dute 3Mbrako kideek. Aldi berean, ekoizpen berriak eskualdeko beste sektoreak kaltetuko dituela azpimarratu dute. Ahaztu gabe "halako kutsadura maila duten guneen inguruan gaixotasun larriak harrapatzeko arriskua handitu egiten dela".