Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gora jotzeko helegitea aurkeztu du Nafarroako Administrazio Auzitegian, zenbait atal moldatu edo baliogabetzeko eskatuzPopularrek Olatzagutian duten zinegotzi Oscar Alvarezek adierazi duenez, maiatzaren 29an gaztelaniaren eta euskararen erabilerari buruz onartutako irizpideek "ez dirudi legedia betetzen dutenik, euskara argiki lehenestean. Herriko hizkuntza bat diskriminatuko da eta ezin da onartu". PPko kideak gaineratu duenez, "gure alderdiak eskura dituen baliabide guztiak erabiliko ditu gaztelania eta hura erabiltzen dituztenak ez diskriminatzeko". Gaztelania "gure kulturaren funtsezko elementua da eta ezin dugu utzi erakundeetatik hura baztertzeko estigmatizatzea". Alvarezen iritziz "Nafarroa euskaldunizatzeko Bilduren bide-orrian hau beste urrats bat da eta ezin dugu onartu". IrizpideakOlatzagutiko Udalak bere eguneroko zereginetan harremanetan izaten da olaztiarrekin, udalaren beraren barne sailekin eta beste administrazio batzuekin. Harreman horiek ahoz, idatziz eta modu telematikoan izaten ditu eta horiek nola egin zehazteko onartu zituen hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak.Sakanako gainontzeko udaletan eta Mank-en bertan ere hizkuntza irizpideak ere onartu dira. Sakanako Mankomunitateko Euskara Batzordeak egindako proposamena da. Udal bakoitzak bere errealitatetik abiatuta berera egokitzeko proposamena egin zuen, beti-ere, denbora jakin batean helburuak lortzeko. Horretarako, euskara teknikariak udal arduradunekin elkarlanean irizpide horien betetzeari buruzko jarraipena eginen dute. Ezarri aurretik ere bilerak egin dira aldeen artean. HelegiteaPPren iritziz idatzizko komunikazioetarako irizpideak ematean bi hizkuntzetarako irizpide ezberdina erabiltzen da. Adibide gisa jarri du udalak jasotako agiri bati erantzuna eman behar dionean nola jokatu dezakeen: euskaraz erantzun ahal izanen dio gaztelaniaz jasotako agiri bati; orokorrean, bi hizkuntzetan erantzunen die bi hizkuntzetan jasotako agiriei, betiere aukera izanik euskara hautatzeko eta, azkenik, euskaraz erantzunen die euskaraz jasotako agiri guztiei.Olatzagutiko Udalak onartu zuen bi hizkuntzetako euskarri guztietan lehentasuna emanen zaio euskarari (elebitasun normalizatzailea). Horretarako, kokalekuan eta letra tamaina handiagoa erabiliko ditu. Popularrek ere horren kontra egin dute.Administrazioek zein hizkuntzetan atendituko dituzten "libreki" erabakitzeko eskubidea aitortzen die Euskararen Legeak herritarrei. Olatzagutiko Udalak onartutakoaren arabera udalaren komunikazioak euskara hutsez jaso nahi dituzten olaztiarren izenekin zerrenda bat osatuko da. Baina popularrek hor diskriminazioa ikusten dute. Baita intimitatearen eta norberaren irudiaren babesaren eskubidearen eta datuen babeserako legearen kontrako neurria.Lan hizkuntza araututa utzi du irizpideetan Olatzagutiko Udalak. Hala, osoko bilkura, Tokiko Gobernu Batzarraren eta informazio organoen bileren aktak egiten diren hizkuntzan jasoko dira (bat ez beste zinegotzik guztiak erdaldunak dira). Irizpideetan zehazten da osoko bilkuretako eta Tokiko Gobernu Batzarraren ebazpenak euskaraz ere idatziko direla, bilera gaztelaniaz egin bada ere. PPk hor gaztelaniaren diskriminazioa ikusi du. Hizkuntza paisaiari buruzko irizpideak ere onartu zituen Olatzagutiko Udalak. Irudi korporatiboari dagokionez, udalaren irizpide orokorra izanen da hura osatzen duten elementu guztiak bi hizkuntzetan egotea, edo euskaraz bakarrik, besteak beste, honakoak: zigiluak, tanpoiak, logotipoak eta idazpuruak, eta orobat toponimia txiki ofiziala (kale, plaza, eraikin eta hiriko gainerako elementuen izenak).Bestalde, udal instalazioetan jartzen diren informazio euskarriak, hau da, errotuluak eta noizbehinka jartzen diren jakingarriak, betiere bi hizkuntzetan edo euskara hutsean egonen dira. "Euskararik ez dakitenen eskubideak deusetan ukatu gabe, zigilu, tanpoi, logotipo, idazpuru eta errotuluen testua euskara hutsean egonen da, honelakoetan: testuaren grafia antzekoa denean euskaraz eta gaztelaniaz; mezuaren edukia argi eta garbi adierazten duen piktogramak osatzen duenean edo ezagutzera eman beharreko jarduerak eta hartzailearen berezitasunek horretara behar dutenean". Udalaren iragarki ofizialak eta gainerako publizitatea bi hizkuntza ofizialetan eginen da. Nolanahi ere, iragarkiak euskara hutsez aterako dira euskarazko hedabideetan. Horiek guztiak, praktikan gaztelaniaren diskriminazioa direla salatu du Alvarezek. Azkenik, alderdi popularrak aurkeztutako helegitean izenburuari ere erreparatzen dio. Irizpide hitza agertzen dela dio eta ondoren, testuan, ordenantza hitza eta bata edo bestea ez direla berdinak dio.