Urbasatik barna korrikan

Guaixe 2013ko irailaren 27a

Olaztiko San Migel festekin batera, bihar, larunbatean, VII. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa jokatuko da. Proba Olaztiko Sutegi kirol elkarteak antolatu du, Olaztiko Udalaren eta Nafarroako eta Euskal Herriko Mendi Federazioen laguntzarekin, eta Nafarroako Mendi Lasterketen Koparako eta Euskal Koparako baliagarria da. IbilbideaOlaztiko mendi lasterketak 23,2 kilometro ditu, horietatik 2,4 asfaltoan. Desnibel positiboa 1.367 metrokoa da. Korrikalariek goizeko 10:00etan emanen diote hasiera probari, Clinker paretik (528 m). Gorputza berotzeko denborarik gabe, zuzenean Urbasako ipar gailurreriako punturik altuenera joko dute, Tontorraundira (1.157 m). Mendi gainean, bira gorabeheratsua eginen dute, ekialdera Altsasuko portugainetik (1.150 m) Zelai handiraino (1.113 m), eta mendebaldera Gainsoil (1.068 m) eta Ordotzeko putzuraino. Handik jaisten hasiko dira, Urbasako portugainera, eta gainbehera zorrotzetik Olaztiraino iritsiko dira. Ibilbidean 4 denbora kontrol puntu izanen dira, edaria eta janaria hartzeko guneak eta osasun laguntza ere izanen dituzte puntu estrategikoetan. Bestalde, antolakuntzak kadeteendako 15,6 km-ko ibilbidea antolatu du.Momentuz 172 korrikalari daude izena emanda proba nagusian. Aurreko urtean 272 korrikalarik osatu zuten ibilbidea eta Fernando Etxegarai eta Laura Sola izan ziren azkarrenak. Lehen sakandarra Angel Arrieta izan zen.SariakSari-banaketa ekitaldia helmugan izanen da 13:30 aldera. Maila absolutuan, neska eta mutil onenek, hurrenez hurren, 350 euro, 175 euro, 125 euro eta 75 euro jasoko dituzte. Horretaz gain, irabazleek txapela jantziko dute eta lehen hirurek trofeoa jasoko dute. Lehen beteranoek 75 euroko saria izanen dute. Promesa, junior eta kadete onenek garaikurra jasoko dute.Gainerako korrikalariak ez dira esku hutsik geldituko, bukatzen duten parte-hartzaile guztiek opari poltsa jasoko baitute. Gainera, guztien artean Urbasako 10 gazta banatuko dira.www.olatzagutia-urbasa.netProbaren inguruko informazio guztia, izen emateak, mapak eta beste.