Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur goizetik dago udaletxeko balkoian Espainiako bandera, Olatzagutikoaren, Nafarroakoaren eta Europakoaren ondoan. Bide judiziala azken muturrera eraman ondoren, epaitegiek bandera udaletxeko fatxada nagusian jartzeko agindua bete du udalak. Hainbat olaztiarrek "eraso espainolista honen aurka gure erabateko desadostasuna argi eta garbi" adierazi dute. Nabarmendu dutenez, bandera arrotz hau udaletxean izanden bakarrean, indarraren mehatxu bortitzaren itzalpean izan da eta gaur egungo egoera ia berbera da, etsaia ez baita aldatu". Arratsaldeko agerraldian bildutakoek nabarmendu dutenez, "olaztiar gehienok ez dugu espainiar bandera gure sentitzen. Halako ekintzekin lortzen duten erreakzioa guztiz kontrakoa da: arrazoiz betetzen gaituzte gu espainolak ez garela lau haizetara oihukatzeko". Euren aberria Euskal Herria dela adierazi dute eta haiena "subirotasuna berreskuratu nahi duen herria" dela azpimarratu dute, gaineratuz, XXI. mendean gure etorkizuna libreki erabaki nahi dutela. Bestalde, PPko zinegotzi Oscar Alvarezendako "berri pozgarria" da udalak Nafarroako Ikurren Legea bete izana. Baina auzi-bidean kostuak alkatetzaren taldeak ordaintzea eskatu du.