Aisialdi programetako hizkuntza irizpideekin bueltaka

Guaixe 2013ko urriaren 17a

Bi familiak haien alabak hartzeko eskatu dute. Mank-etik aisialdi eskaintza hori euskararen erabilera bultzatzea duela helburu azaldu dute eta D ereduko ikasleei zuzenduta dagoela adierazi dute. Hizkuntza proba egitea proposatu dieHaur eta gazteek euskara ikastetxeko hizkuntza gisa identifikatzen zutela eta kalean erabiltzeko zailtasunak zituztela ikusita, Euskaltzaleen Topaguneak aisialdiaren bidez horri buelta emateko proposamena landu zuen. Helburua da: lagun artean daudela hizkuntza informala landuz, euskararen erabilera bultzatzea. Euskaltzaleen Topaguneak ezinbesteko jo zuen parte-hartzaileek hizkuntza maila on bat izatea eta, euskararen erabilera sustatzeko programa zenez, D ereduko ikasleei zuzentzea erabaki zuen. Iruñerrian programak izandako arrakasta ikusita, eta herrien egoera soziolinguistikoa kontuan hartuz, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ibarreko zenbait herritara hura ekartzea erabaki zuen, horretarako eskarmentua zuen Topagunea kontratatuz. Hura da kudeatzen duenak. KexaB ereduan ikasten duten 10 urteko bi neskaren gurasoak Arartekoan kexa aurkeztu dute. Amaia Aristuk, Araceli Cruzek eta Alberto Gilek, Teodoro Rodriguez lagunarekin batera, uste baitute haien alabak aisialdi programa horretatik "baztertu" dituztela. B ereduko ikasleak dira. Aurreko urteetan ez bezala, oharrik jaso ez zutenez, Mank-era jo zuten alabei izena emateko. "B ereduan ikasten zutela esan genuenean, kontsultatu beharra zutela esan ziguten".Aurreko bi urteetan aisialdi programan parte hartu zuten. "Gustura dabiltza eta segitu nahi dute. Orain arte zergatik ez ziguten esan euskara mailaren inguruko ezer?" galdetu dute. Gurasoak kexu azaldu dira irizpide aldaketarekin, horretarako arrazoiez eta zergatiez informatu ez zaielako. Programa udal egoitza batean egiten denez, udalak esku hartu beharko lukeela ere uste dute. ZergatiaSakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzutik nabarmendu nahi izan dute hizkuntzaren erabilera sustatzeko aisialdi programa dela, ez euskararen ezagutza maila hobetzeko. Zerbitzutik beretik aitortu dute aurreko urteetan D eredua eskatzeko irizpidea ez dutela zorrotz bete. "Baina ikasturteko bukaeran balorazioa egitekoan Sakanan eta Iruñerrian kexak izan ziren ikasle batzuk euskara maila kaxkarra izanik gaztelaniara jotzen zutelako,eta, ondorioz, taldekideek ere gaztelaniaz hitz egiten zutela, jardueraren helburua oztopatuz. Horregatik erabaki zen D ereduaren irizpidearekin zorrotzagoak izatea".Kexuaren berri jaso ondoren, Mank-en erabaki dute D eredutik kanpoko ikasleei hizkuntza maila proba egiteko aukera eskaintzea. Heldu den astean izanen litzateke. Haurren gurasoen ustez parte-hartzaile guztiei egin beharko litzaieke aipatu proba, bestela "gizarte bazterketa da". Mank-en ebazpena dutenean Adingabekoen Defendatzailearengana jotzea ez dute baztertzen. Aisialdi programa larunbatean hastekoa zen, baina hasiera atzeratu egin da. Bitartean, UPNk Mank-en agintean den jarrera "bereizlea, baztertzailea eta sektarioa" erakusten duela salatu du.