Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean sinatu zuten Cementos Portland Valderrivasek eta CCOOk, UGTk, USOk eta independenteek taldeko sei porlandegietan Kontratuak aldi baterako eteteko onartutako Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE). Aurretik langileek berretsi egin zuten. ELAk ez zuen sinatu eta ordezkaritza proportzioagatik CGT ez zen izan. EEEn jaso denez, langileak gehienez ere 180 egun egonen dira lan egin gabe azaroa eta 2014ko urte akabera bitartean. Ekoizpen beharren arabera aplikatuko da EEE. Cementos Portland Valderrivasek salmenten jaitsieragatik hartu ditu neurri horiek. Olatzagutiko porlandegiko ekoizpen aurreikuspenak 300.000 tona dira, aurreko urtean baino 50.000 gutxiago. Aurtengo aurreneko 8 hilabeteetan zementu kontsumoa %23 jaitsi dela ere adierazi dute. Adostutakoaren arabera 105 langileen soldata bi aldagarriren artetik aterako da: langabeziatik jasoko luketen sari gordinaren eta soldata garbiaren arteko aldea. Estren %80 jasoko dute. Opor egunak errespetatuko dira. Aurten despeditzen da porlandegiko lan hitzarmena heldu den urtean indarrean izanen da. Eta ultraaktibitatearekin 2015era luzatuko du indarraldia. Enpresa batzordeko buru Javier Lekunberrik prentsari egindako adierazpenetan esan du azken puntu hori "funtsezkoa" dela, "espedientea indarrean dagoen bitartean soldata ez delako murriztuko eta lanorduak ez direlako moldatuko". CPVk halakorik proposatuz gero jarraipen batzordean aztertu beharko liratekeela gaineratu du. Lortu zitekeen akordiorik onena dela adierazi du Lekunberrik. UGTko kidearen itxaropena da espedientearekin ekoizpen jaitsiera garaia pasastzea, kaleratze gehiago ez izateko. Jazarpen sindikal salaketaELAko ordezkariek adierazi digute negoziazioan lortutako akordio ekonomikoa "ongi" dagoela. Baina enpresak eraman duen estrategiarekin ez daude ados ELAn eta, horregatik, ez dute akordioa sinatu. "Edozein enpresatan lehenik kontratuak aldi batez eteteko EEE aurkezten da eta harekin esperotako emaitza lortzen ez bada enpresak kaleratzeak jartzen ditu mahai gainean". Portlandek alderantziz egin duela salatu dute ELAko kideek, "ekonomia arrazoiengatik kaleratzeak egin zituzten eta orain ongi dagoen EEE bat onartzen dute. Horrek erakusten du dirua dagoela eta kaleratzeak ez zirela ekonomiagatik egin". Iraila despeditu aurretik sei langile kaleratu zituzten (ELAko 5 eta LABeko 1) eta urtea bukatu baino lehen beste hiruk (ELAko bi) utziko dute porlandegia. Bi sindikatuek jazarpen sindikala eta beste arrazoi batzuengatik kaleratze horiek auzitegian salatu zituzten. "Hasiera batean 29 izan behar ziren kaleratuak, azkenik 18 izan ziren: bat zuzendaritzako kidea da, 58 urte betetzean 6 langile aurre-jubilatuko eta beste 11 langile. 29ko zerrendan zeuden ELAko eta LABeko kide guztiak kalean daude" salatu dute ELAko kideek. 46Irailarekin batera 15 kaleratu izan dira porlandegian. Beste hiru lan bat despeditu arte jarraituko dute. Joan den urte akaberan, berriz, 28.