Arartekoak Mank-en aisialdi programetan hizkuntza probak egitea iradoki du

Guaixe 2013ko aza. 14a, 18:10

Olatzagutiko bi familiak Nafarroako Ararteko Francisco Javier Eneriz Olaetxearengana jo zuten. Kexu ziren aurreko bi urteetan Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatutako Larunblai programan haien alabek parte hartu zutelako baina ikasturte berrian ezin zutelako; B ereduan ikasten ari direlako (bi gai ez beste guztiak euskaraz). Enerizek kasua aztertu ondoren Mank-i bi iradokizun egin dizkio. Arartekoa dioenez, euskararen erabilera sustatzeko aisialdi programan parte hartzeko ezinbestekoa da euskarazko gutxieneko ezagutza egokia izatea. Horregatik, Enerizek Mank-i iradoki dio hurrengo urteetarako interesatu guztiei euskara maila bera egitea, euskara maila ziurtatzeko. Bere txostenean Arartekoak dio proba egiteak eragotziko lukeela hezkuntza ereduaren irizpidea erabiltzea, "berez ez da determinantea". Arartekoak argudiatzen du hizkuntza ezagutza hainbat modutan jaso daitekeela, nahiz eta onartu ohikoena etxea eta D eredua direla. Probak bestelako onurak izan ditzakeela gaineratu du Enerizek: "une jakinetan, emaitzen arabera, adinaren araberako taldeak sortuz jarduera zehatzak antolatu daitezke euskararen erabilera sustatzeko irizpidea kontuan hartuta". Bestetik, Arartekoak iradoki du bi familien kexari erantzuna ematea, "baloratuz, aurreko bi urteetan parte hartu eta bi gai ez beste guztiak euskaraz ikasten dutela, parte hartzeko nahikoa maila dutelako".