Porlandegiko IBI berretsia

Guaixe 2013ko azaroaren 21a

Nafarroako Gobernuak 2007ko garilean porlandegiari eman zion Ingurumen Baimen Integratua (IBI) legezkoa dela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Olatzagutiko Udalak eta hiru herritarrek jo zuten auzitegietara. Argudiatu zuten porlandegiak erabiltzen dituen erregaiak (pet cokea eta fuela) azufre dioxido eta nitrogeno dioxido isurketa mailak gainditzen zituztela, porlandegia herritik gertu egotea, hirigintza bateragarritasun kontrako txosten bat zegoela eta porlandegiaren jardunak osasunean lukeen eragina. Auzitegiak ez ditu argudioak bere egin. Herria haztean lantegira hurbildu dela adierazi du epaian. Ez ditu egokitzat jo hirigintza txostenak. Isuriei dagokienez, lantegi berria ez denez, lehen unetik ezin zaiola araudia betetzea eskatu esan du epaiak, egokitze epe baten ondoren bete egiten duelako. Epaia eman bitartean porlandegian erabilitako erregaiak biomasa eta hiri-hondakinengatik ordezkatzeko eskaerak aurkeztu ditu. Baita magnesita ekoizteko ere. Prozesuak iraun duen bitartean CPV taldearen inbertsioak baldintzatu duen ziurtasun juridiko falta izan dutela adierazi dute zuzendaritzatik. Udalak epaia aholkulariekin aztertuko du.