Olaztiko Larunblai programan izena emandako guztiek euskara proba egin beharko dute

Guaixe 2013ko aza. 21a, 18:35

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Olatzagutian antolatzen duen Larunblai jardueran sartzeko irizpideak direla eta bi familia kexatu egin ziren. Nafarroako Arartekoak kasua aztertu ondoren, adierazi zuen zilegi dela parte-hartzaileei euskara maila egokia eskatzea, "egitasmoaren ezaugarriei atxikitako eskakizuna baita" eta "horren menpe egon baitaiteke jardueraren arrakasta". Arartekoaren iritziz, Larunblai jardueran parte hartzeko interesa dutenek euskara maila egokia dutela ziurtatzeko modurik egokiena, izena eman duten guztiei gaitasun proba bat egitea da. Iradokizuna bere egin zuen Mank-en Euskara Batzordeak astelehenean eta Olatzagutiko Larunblai taldean izena eman duten guztiei gaitasun proba egitea, jarduerak eskatzen duen euskara maila dutela ziurtatu ahal izateko. Probaren data zehaztu bezain laster hari buruzko informazioa haurren gurasoei jakinaraziko diela jakinarazi du Mank-ek.