Goi mailako jaiotzak

Guaixe 2013ko abe. 13a, 18:07

Gaurtik ilbeltzaren 12ra, astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:00etara eta domekan 13:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era Sakanako Belenzaleak Elkartearen egoitzanBisitan joaten direnak jaiotza baten zozketarako txartelak eros ditzaketeHamaikagarren urtez Sakanako Belenzaleen Elkarteak jaiotzen erakusketa antolatu du. Askorendako hutsik egin ezin dezaketen hitzordua da jaiotzen erakusketa eta urtero errepikatzen dute bisita. Estreinakoz joaten direnak atzera ere errepikatzen dute. Elkartekideek egindako 11 diorama eta 2 arketa izanen dira ikusgai. Azken bi horiek Uharte Arakilgo taldeak egin ditu. Olatzagutiaz aparte, Urdiainen, Altsasuko Bengoetxea drogerian eta Madrilen dauden elkarteak egindako jaiotzak daude ikusgai. Elkarteko kideak gogoz aritu dira urte guztian (45 egun besterik ez dira geldi egoten) erakusketa prestatu ahal izateko. Makina bat ordu sartze horrek neka-baldarratuta utzi ditu, baina egindako ahalegin handiarekin pozik daude. Baina bakarra despeditzea falta izan zaien jaiotza izan da. Hori heldu den urterako utzi dute. Aurtengoan paisaia gehiago landu dute. Jaiotzetan mendi gehiago eta eraikuntza gutxiago dago. Bi jaiotzetan ezik gainontzekoetan mendia ageri da hondoan eta horrek sorkuntzei sakontasuna ematen die. Beste berrikuntzetako bat animalien irudiak dira. Jaiotzetan txoritxoak eta txakurrak ikus daitezke giza irudiekin batera. ItzalaSakanako Belenzaleen Elkartearen sona ibarretik kanpo zabaldu da eta estatuko makina bat tokitatik etorriko dira bisitak. Lastailean, esaterako, Sevillako bikote bat hartu zuten, oporraldia baliatuta Sakanako artistak lanean ikusteko. Bartzelonatik ere etortzekoak dira. Hilaren 22an, bestalde, estatu iparraldeko belenzaleak Donostian bilduko dira. Topaketa despeditu ondoren, Hego Euskal Herriko, Asturias eta Errioxako belenzaleak Olatzagutira etorriko dira erakusketa ikustera. Sakandarren jaiotzak halako ezagutza eta arrakasta lortzeko arrazoietako bat Internet da. Jaiotzetan espezializatutako foro eta blogetan askotan aipatzen dute sakandarren kalitatea. Hego Euskal Herriko onenak eta estatuko bigarren edo hirugarren onenak dira. Erakusketa egonkor bat turismoa erakartzeko aukera litzatekeela ere aipatu dute. Bisitari askok esan izan diete jaiotza erakusketa hori hiri batean gertakizun handia litzatekeela. Zabalkunde horretan bidelagun dituzte Jose Andres Iza Maizak egindako argazkiak eta bideoak, tarteka-tarteka sarean zabaltzen dituztenak. IkastaroaUrtero antolatu du elkarteak jaiotzak egiteko ikastaroa. Zangoza (4), Noain (6) eta Ribaforada (4) elkarteetako kideei erakutsi diete sakandarrek. Haiek eskatu zieten harria sinesgarri nola egiten zen erakusteko. Baldintza izan zen gero ikasitakoa euren elkarteetan erakutsi beharko zutela. Eta hala eman zuten bi asteburu, 9:00etatik 18:00etara. Jende askok eskatu die teknika erakusteko. Nafarroako Belenzaleen Federazioak ere heldu den urterako eskaria luzatu die sakandarrei, herrialde guztirako ikastaroa emateko. Proposamena aztertzen ari dira. Sakanan ikastarorik eginen den ez dakite, atzeratuta duten egiteko bat despeditu nahi dutelako lehenik: arketetako goiko aldea oihalekin ixtea, zerua irudikatzeko eta egoitzako sabaia ez ikusteko. Horrek eskatzen dien lanaren arabera eginen da ikastaroa edo ez. Elkarteak 13 urte ditu eta gaur egun 55 bat kide ditu. EgileakPako Sanz, Javier Beunza, Katy Mayor, Pedro Urkia, Luis Borrega, Jesus Mari Garmendia, Felipe Orabengoa eta Patxi Agirre. DioramakAma Birjinaren berri ematea; Erroldatzea; Ostatua bila; Jesusen jaiotza; Artzainei berri ematea; Artzainen adorazioa; Erregeen kabalgata; Errege Magoen adorazioa; Lehen urratsak; Egiptora ihesa eta Zurgindegia.