Olatzagutiko Udalak bere eguneroko zereginetan harremanetan izaten da olaztiarrekin, udalaren beraren barne sailekin eta beste administrazio batzuekin. Harreman horiek ahoz, idatziz eta modu telematikoan izaten ditu eta horiek nola egin zehazteko onartu zituen hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak, agorrilaren 28an indarrean sartu zirenak.
PPko zinegotzi Oscar Alvarezek Nafarroako Administrazio Auzitegian udalak onartutako irizpideetatik sei salatu zituen, “ez dirudi legedia betetzen dutenik, euskara argiki lehenestean. Herriko hizkuntza bat diskriminatuko da eta ezin da onartu”. Emandako epaian auzitegiak haietako bitan eman dio arrazoia.
Alde batetik, gaztelaniaz jasotako agiri bati udalak erantzuna ele bitan edo gaztelaniaz eman beharko dio. Euskarazko erantzuna emateko aukera baliogabe utzi du. Irudi korporatiboari dagokionez, Olatzagutiko Udalak erabaki zuen irizpide orokorra izanen dela hura osatzen duten elementu guztiak bi hizkuntzetan egotea, edo euskaraz bakarrik, besteak beste, honakoak: zigiluak, tanpoiak, logotipoak eta idazpuruak, eta orobat toponimia txiki ofiziala (kale, plaza, eraikin eta hiriko gainerako elementuen izenak). Euskara hutsez izateko aukera indarrik gabe utzi du epaiak.
Alvarezek adierazi duenez, “gaztelania gure kulturaren ezinbesteko elementua da eta ezin dugu onartu erakundeetatik hura baztertzeko estigmatizatzea”. PPkoak gaineratu zuenez, “Bilduk Nafarroa euskaldunizatzea eragozteko ahal den guztia egiten segituko dugu”.